Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Disidentziak

Semea fokak harrapatzera joan da denboraldi luzerako, urrutira. Ama eta emaztea bakarrik gelditu dira etxolan. Amaginarrebak zakil bat egin du foka baten hezur batekin eta haren larru finarekin estali ondoren jantzi egin du. Semearen lekua hartuz, bera joango da fokak harrapatzera eta, itzultzean, etxean sartu eta larruzko berokia zabalduz, titiak erakutsi errainari esanez: «Zatoz maitea!».

Inuiten ipuin zahar honek erakusten du sexu identitatearen gorabeherak ez direla oraingo kontuak. Egia da ere ipuina ez dela oso ondo amaitzen, semea bueltatutakoan ama hiltzen baitu sorginduta dagoela iritzita. Hala ere, ipuinari amaiera ematen dion emaztearen erantzuna ez da makala: «Baina, zer egin duzu? Nire senarra hil duzu!». Gogoetarako bidea ematen du, behintzat. Istorio hau bezala munduan barrena ere hamaika dira sexu harremanak hizpide hartzen dituztenak, askotan modu gordinean. Inuitena da ere senarrarengandik ihes egiten duten bi emakumeen istorioa, jasaten duten tratu txarretatik ihes, biak elkarrekin bizitzen jartzea erabakiz, hildako bale baten barnea bada ere. Edo Amazoniako herrixkako mutilez paso eginez, gozamena bere kontura bilatzen duen neska gaztearen ipuina. Norberak bere izatea askatasunez bizitzeko nahia hizpide duten ipuinak daude munduan barrena, kultur desberdinetan. Zoritxarrez, oraindik norberaren izaera ez heteronormatiboa askatasunez bizitzea ezinezkoa da. Eta hori ez da ipuin bat.

Askatasuna da, ondorio kaltegarririk gabe xuxurlatu ahal izatea: «Zatoz maitea!».