Maddi TXINTXURRETA
BERGARA

Alkateek berriro bat egiteko saiakera Bergaran, 45 urtera

Bergarako Udalak hainbat ekitaldi egingo ditu datorren uztailaren 21ean, Alkateen Mugimenduaren sorreraren 45. urteurrena ospatzeko. Orduko Debagoieneko udal ordezkariak omenduko ditu, batetik eta, bestetik, Euskal Herriko alkate eta udal ordezkari guztiei dei egin die egun horretan Bergaran elkartu eta 1976an nola, elkarrekin bidea egiteko.

Datorren uztailaren 21ean 45 urte beteko dira Bergaran Alkateen Mugimendua sortu zenetik, 1976an. Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkateak eta Gorka Artola egungoak atzo iragarri zuten hainbat ekitaldi egingo direla urteurrenaren egunean, garai hartako alkateak omendu eta Euskal Herriko alkate guztiak Bergarara deituta berriz ere elkarrekin aritzeko saiakera bultzatuz.

Ekitaldi sorta antolatu du Bergarako Udalak uztailaren 21erako, orduak oraindik zehaztu gabe badaude ere. Goizean edo eguerdi partean aitorpena egingo diete orain 45 urte Alkateen Mugimendua hauspotu zuten Debagoieneko udal ordezkariei eta argazki eta bideo erakusketa bat jarriko dute udaletxeko udalbatza aretoan, 1976ko uztailaren 21 hartako irudiekin.

Bestalde, Gorka Artolak eta Jose Luis Elkoro Alkateen Mugimenduaren bultzatzaile izandakoak Euskal Herriko udal ordezkari guztiei dei egin zieten bi eginkizunetarako: batetik, elkarrekin orain 45 urteko «aldarrikapen eta beharren jabe izanda» manifestu bat lantzeko eta, bestetik, uztailaren 21eko arratsaldean Bergaran elkartzeko.

Jose Luis Elkorok gogorarazi zuen nola orain 45 urte hainbat alkate eta udal ordezkari saiatu ziren Euskal Herriaren «nortasuna» babesten, eta orain ere saiakera horri heldu nahi diete Bergarako ordezkariek. «Elkartu behar dugu», esan zuen: «Ea saiakera honekin urrats garrantzitsu bat ematen dugun, ea udaletako ordezkariak prest dauden denok elkarrekin joateko».

Elkorok ezinbestekoa deritzo alkateak elkarrekin aritzea herri honek aurrera egiteko; izan ere, bere ustez, «ez gara ahulak txikiak garelako, zatituta gaudelako baizik».

1976ko uztailaren 21a

Euskal Herriko bilakaera politikoan eta, batez ere, indar abertzale guztiak bat egiteko saiakeran giltzarria izan zen Alkateen Mugimendua 1976ko uztailaren 21 sortu zen, Bergaran. Egun hartan, foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren; Bergarako alkateak esan bezala, «herri bat ginela eta burujabetzatik aurrera egin nahi genuela adierazteko».

«Garai zailak ziren. Berrogei urteko diktadura amaitzen ari zen. Askatasunaren eta herria egiteko egarria nabari zen. Aukera hori baliatu beharra zegoela azpimarratu nahi izan zuten Bergaran batu ziren udal ordezkariek», ekarri zuen gogora Artolak.

Orain, 45 urte beranduago baina orduko «burujabetza» eta «askatasuna»-ren bidea gaur egunera ekarriz, pandemiak kolpatutako Euskal Herria atzera ere «zutik» jartzeko deia egin zuen Bergarako Udalak: «Zutik jarri behar du, aurrera egiteko», esan zuen Gorka Artolak.

«Herritik eta herriarentzat», «Udaletik herritarrentzat» antolatu dituzte uztailaren 21eko ekitaldiak, asteazkenean Elkorok eta Artolak prentsaurrekoan nabarmendu zutenez: «Udalak oso garrantzitsuak izan dira historikoki gure herriaren egitura administratiboan. Orain ere, herria berriro zutik jarri behar dugunean, udalek funtsezko zeregina daukatela uste dugu».