Iraide Ibarrondo

Xiberu taberna Zornotzan, harreman sozialak saretuz gosariaren inguruan

Xiberu tabernako hormak egurrezko xaflatan marraztutako Zornotzako kirolari eta elkarteen irudiekin apainduta daude. Barra, aldiz, pintxo ilara luzeek eta zenbait eragileren banderek janzten dute. Tartean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarena, Pentsionistak Martxan elkartearena eta Amorebieta taldearena.

Txabi Emaldia da Xiberu tabernako arduraduna. Duela hiru urte egin zuen apustua Zornotzako bihotzean kokatutako lokala berrizteko, atontzeko eta taberna irekitzeko. Ordutik hona, Xiberu taberna ezaguna egin da Zornotzan gosariengatik, pintxo barragatik eta Txabi Emaldiak eta bere lantaldeak komunitate integratzaile bat sortzeko egiten duten ahaleginagatik: «Saiatzen gara taberna integratzaile eta inklusiboa izaten», dio.

«Zorionez adin, nazionalitate eta kolore desberdinetako pertsonak etortzen dira. Asko pozten gara horregatik», aitortu du Emaldiak. Tabernaren identitatearen zati den aniztasun hori, lantaldean bertan ere nabari da. Izan ere, Moldavia, Palestina, Txile, Dominikar Errepublika, Alemania, Bolivia, Argentina eta Euskal Herriko langileek eramaten dute aurrera Xiberu.

Bestalde, Emaldiaren tabernak herriko kirol taldeak, eragile sozialak eta kulturalak ere besoak zabalik jasotzen ditu: «Taberna batek izan behar duen funtzioa da, gure produktuez aparte, sozialki harremantzeko topagune bat eskaintzea». Hori horrela, bezero oso «leialak» dituztela nabarmendu du Emaldiak.

Txabiren gomendioak

Asteburuetan afariak eskaintzen badituzte ere, Xiberuko espezialitatea gosariak dira. Armosu konpleto batekin gozatzeko, kafesne edo infusio bat, laranja zukua eta croissant zein tostadak dira Xiberuko gomendioak. Hori bai, croissanta plantxan txigortua gurin eta marmelada ekologikoarekin. Tostadak, aldiz, tomatea eta urdaiazpiko iberikoa dutenak dira Emaldiaren gogokoenak.

 

Ogia tomatearekin

Ogia tomatearekin edo pa amb tomàquet Kataluniako errezeta tipikoa da, eta gosari edo askari askotarako erabiltzen da, egiten oso erraza baita. Osagaiek –tomatea, baratxuria, olioa eta ogia– osasuntsu elikatzeko aukera ematen digute.

Osagaiak:

• Ogia (payes motakoa bada, hobe).

• Tomate heldu bat.

• Oliba olioa.

• Gatza

• Baratxuri ale bat (hautazkoa).

• Urdaiazpikoa (hautazkoa).

Nola egin:

• Tomatea hozkailutik atera eta itxaron epeldu arte.

• Ogia txigortu.

• Tomatea bitan zatitu eta ogi txigortuan igurtzi.

• Baratxuria nahi badugu, tomatea igurtzi aurretik edo ostean egin daiteke. Ale bat hartu, erdibitu eta ogi txigortuan igurtzi.

• Zipriztindu tostada oliba olio kantitate txiki batekin.

• Gatz apur bat bota.

• Bukatzeko, urdaiazpiko-xerra bat gainean jarri.