GARA
DONIBANE LOHIZUNE

Independentziaren aldeko Donibane Lohizuneko martxak polemika sortu du

Uztailaren 14an Donibane Lohizunen independentziaren alde egin zen martxan tentsio uneak izan ziren Jean-François Irigoyen alkatearen eta manifestarien artean. Irigoyenek gertatutakoa salatu du eta, bestetik, herriko abertzaleek eta U14 kolektibo antolatzaileak ere bai.

Polemika manifestazioaren ideologiaz baino gertakarien inguruan izan da, kontakizun kontrajarriak eman baitituzte bi aldeek. Zalantzan emana ez dena da, Euskal Herriaren independentziaren aldeko martxak herria zeharkatu ondoren, manifestariek “Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere” zioen pankarta jarri zutela herriko etxean. Orduan, auzapeza bertaratu eta pankarta kendu zuen, tentsio momentuak izan zirelarik. Gero, udaletxera sartzeko bidea hartu zuen, eta atean zegoela eskuko erdiko hatza altxatuz keinua egin zien manifestariei. Azkenik, lehenagotik bertaratua zen Poliziaren begiradapean manifestariek banderola jarri zuten berriz.

Irigoyenek «nire egia, nire gain hartzen dut» zioen agiria kaleratu zuen. Idatzian, manifestariak eskailera batekin udaleko bandera kentzeko saiakera egiten ari zirela baieztatzen zuen. «Pertsona batek zaflako bat eman dit, eta ez dut erantzunik eman», gehitu zuen. Liskarren ondoren Irigoyenek egin zuen keinuari buruzko aipamenik ez zuen egin agirian; aldiz, bere jokabidea erakutsiz sare sozialetan zabaldu den bideoaren erabilera kritikatu zuen.

Alderdikide dituen Claude Olive Angeluko auzapezak eta Max Brisson senatariak ere agiriak kaleratu zituzten gertatutakoa salatzeko.

Bestalde, Herri Berri Donibane Lohizuneko zerrenda abertzaleak auzapezak errandakoak salatzeko agiria kaleratu zuen. «Erraza da, beranduago, agresibitatea, baita bortizkeria ere asmatzea herriko karriketan manifestatzeko asmoa besterik ez duten manifestariei buruz». Alkateak zaflakoa jaso zuela gezurtatu zuten; «bestela izan balitz, bertan zegoen Poliziak esku hartuko zuen».

U14 kolektiboak ere agiria plazaratu zuen, gertaeren inguruan “Sud Ouest” egunkariak argitaratu zuen artikuluari erantzunez. Bertan, lasaitasun osoz egindako manifestazioaren ondoren, jendea joaten ari zen momentuan, auzapeza pankarta kentzera etorri zela, eta hori gertatu izan ez balitz, «tentsio momentu horiek» saihestu zitezkeela baieztatu zuen. Ipar Euskal Herrian egun bizi den egoeraren irakurketa kritikoa eginda amaitzen da idatzia, «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da! Euskal Herria ez da salgai!» aldarrikapenarekin.

Bestetik, udaleko gehiengoan dagoen EAJ-PNBk ere agiria kaleratu du «bortizkeriak kondenatzen eta deitoratzen» dituela erranez.