Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
IñIGO PEñA
PIRAGUISTA

«%100ean egonda, ez da erraza gure ontziari irabaztea»

Iñigo Peña (Zumaia, 1990) bere bigarren Olinpiar Jokoetan lehiatuko da. Tokion K2 modalitatean egingo du. 2017an aldatu zen K4tik K2ra. Francisco Cubelosekin hasitako proiektuak emaitza onak lortu ditu; tartean, munduko errekorra ere hautsi dute.

«Bost urteko ziklo olinpiko bat izan da eta lehiatzeko irrikan nago», kontatu dio GARAri Iñigo Peña piraguista zumaiarrak. Basque Team Fundazioko kirolaria K2an lehiatuko da Tokion, Rion K4an debutatu ostean. Francisco Cubelosekin osatuko du ontzia eta azken bi Munduko Txapelketetan zilarrezko domina eskuratu ostean, dominen borrokan egongo direla aurreikusten da. «Oso ondo» aurkitzen da Peña. Abuztuaren 4an izango du lehen lasterketa.

 

Bost urteko ziklo olinpikoa zuretzat onuragarri izan al da? 30 urterekin iritsi zara Tokiora.

Nik uste dut ez daukala garrantzirik; iaz 29 urterekin iritsiko nintzatekeen eta, egia esan, antzera nago. Adin oso-oso ona da kirolerako; nik uste dut momentu oso onean nagoela. Hasieran, pena bat izan zen atzeratzea. Eta jada gogo handia daukagu egindako lana agerian jartzeko.

Zure taldekide Francisco Cubelosek esan du oso momentu onean zaudetela. Horrela ikusten duzu zuk ere?

Bai, azken bizpahiru hilabeteetan egin ditugun entrenamenduak oso onak izan dira, egin ditugun testetan markak oso onak izan dira. Momentu oso onean iristen gara eta gure sasoi onenean. Gure helburu nagusia %100ean iristea zen Tokioko zitara eta nik uste dut hala izango dela. %100ean egonda, gure ontziari irabaztea oso zaila dela uste dut.

Faboritoen artean kokatzen zaituztete. Azken txapelketa nagusietan lortutako dominengatik, zuek ere hala ikusiko duzue zeuen burua. Nola kudeatzen duzue presioa?

Presio gehiena guk jartzen diogu geure buruari. Goi mailako kirolariak gara, izugarrizko motibazioa daukagu. Kasu handirik ez diegu egiten aurreikuspenei. Guk gure lanean sinesten dugu, badakigu oso lan ona egin dugula. Azken bi Munduko Txapelketetan txapeldunordeak izan gara eta bi zilarrezko domina horiek konfiantza handia ematen digute. Gu gure lanean oso kontzentratuta gaude, badakigu %100ean iritsiz gero gure aukerak izango ditugula eta horretan gabiltza, azken xehetasunak fintzen. Ea ondo aritzen garen!

Eta zeintzuk dira oraindik gehiago findu behar dituzuen xehetasun horiek?

Ez dira detaile oso garrantzitsuak. Azken momentuko xehetasunak dira. Entrenamenduan zehar landu behar diren gauzak dira. Azken egunetan intentsitatea handitzen gabiltza; entrenamenduak motzagoak dira, baina aldi berean intentsitate altuagokoak. Irteerak lantzen ditugu, doitze lanetan gabiltza, alegia, abuztuaren 4an %100ean egoteko.

Maiatzean jokatu zen Munduko Kopan ez zenuten lortu finalerako sailkatzea.

Ez zen gure txapelketarik onena izan. Bagenekien azken hilabeteetan bi txapelketa garrantzitsuago geneuzkala. Bat apirileko hautaketa proba zen, Tokiora joateko plaza irabazi behar baikenuen –guk irabazi genuen plaza Munduko Txapelketan baina ez zen nominala, Federazioarentzat zen eta apirilean sasoi onenean zegoen ontzia eramateko hautaketa proba egin zuten–. Han dena jokatzen genuen; Tokiorako txartel horietan gure izena idazteko momentua zen. Oso sasoiko iritsi ginen eta plaza lortu genuen. Horren ondoren, denboraldiko bigarren pikoa Olinpiar Jokoak dira. Tartean geratzen zitzaigun txapelketa zen Munduko Kopakoa. Gure asmoa hobeto bukatzea zen baina, tira, ez genuen gure egunik onena izan eta pena pixka batekin itzuli ginen. Berriro entrenatzen hasi ginenean ikusi genuen dena ondo zegoela, denbora onak egiten ari ginela, prestakuntza bide onetik zihoala eta txapelketa hura ahaztuta geratu zen.

Hau da, zuentzat aurten garrantzitsuagoak dira Jokoak, aipatu Munduko Kopa hura baino?

Bai, zalantzarik gabe, argi-argi. Kirolari batentzat Olinpiar Jokoak maila gorena dira. Bost urteko prestakuntza osoa dago horretara bideratuta.

Rioko Olinpiar Jokoetan egin zenuen debuta; K4 modalitatean lehiatu zinen orduan. Horren ostean K2ra pasatu zinen 1.000 metroko lasterketetan jarraitu nahi zenuelako. 500 metroak motzegiak geratzen zaizkizu?

Mundu guztiari harridura piztu zion aldaketak, baina guretzat ez da hain traumatikoa. Gu ohituta gaude bizitza osoa piraguan lehiatzen eta hiru modalitateak landu izan ditugu (K1, K2 eta K4). Helburu nagusia 1.000 metroko distantzia mantentzea zen, ze nire espezialitatea da, nire distantziarik onena da. Hamar urte daramatzat distantzia horretan espezializatuta eta distantzia mantendu nahi nuen. Proiektu berri hau hasi nuen Cubelosekin. 2017tik emaitza oso onak ateratzen hasi ginen; munduko errekorra ere hautsi genuen urte horretan. Oso ondo hasi ginen hasieratik eta ikusi genuen Tokiora begira aukera handiak zituen ontzia zela.

Eta zu ordutik hona, nola aldatu zara? Nola hazi zara kirolari gisa?

Bost urte zaharragoa naiz, bost urte gehiago daramatzat goi-mailan lehiatzen eta esperientzia puntu handia da irabazten duzuna. Ordutik beste bi Munduko Txapelketatan parte hartu dut, baita beste hainbat txapelketatan ere, eta, batez ere, irabazten duzu momentuan nerbioak eta abar kontrolatzeko esperientzia puntua. Hori oso lagungarria da.

Max Hoff eta Marcus Gross alemaniarrak izango dira faboritoak?

Azken bi Munduko Txapelketak irabazi dituzte, aurtengo Munduko Kopan ere beraiek gailendu dira eta, bai, faboritoenak beraiek dira. Oso indartsu daude. Gero, beste bospasei ontzi indartsu ere badaude eta horien artean izango da dominen lehia.

Eta aleman hauek garaiezinak dira edo ez duzue baztertzen urrezko domina eskuratzea?

Ez, ez dugu ezer baztertzen. Gure helburua gure probarik onena egitea da eta gure %100 ematea. Horrek jarriko gaitu gure lekuan. Nik neuk ez dut sabairik jarri nahi, helburu nagusia gure probarik onena egitea da, gure markarik onena egitea. Gure lana ondo egiten badugu, badakigu oso zaila dela guri irabaztea. Behintzat, lasai geratu nahi dugu gure estropadarik onena egin dugulako, gure planteamendurik onena, estrategiarik onena.

Rion ezagutu zenuen Olinpiar Jokoetan bizi den benetako giroa. Aurten oso ezberdina izango da. Pena pixka bat baduzu arraroak izango direlako eta, hein handi batean, zuen egunerokoa ere baldintzatuta egongo delako?

Ez, penarik ez. Asimilatuta daukagun gauza bat da. Azken urte eta erdi honetan txapelketa guztiak jokatu dira publikorik gabe, distantziamendu sozialarekin… Jada egoera normalizatu egin dugu. Badakigu lehengo egoerara itzultzea gaur egun zaila dela eta, egia esan, ez nau asko kezkatzen. Ni nire errendimenduan zentratuta nago; helburua gure estropadarik onena egitea da bi egun horietan.

Domina baten balioa berdina da, ezta?

Bai, hori da (barrez). Olinpiar Jokoak dira, berdin-berdin, eta guk gurean zentratu behar dugu. Gure egunerokoan ditugun neurri horiek errespetatu eta gaur egungo normaltasunarekin jarraitu behar dugu.

Gainera, teknologiak apur bat ahalbidetzen du gertukoenak gertuago egotea ere, ezta?

Bai, argi eta garbi. Gaur egun mugikor batekin izugarrizko kontaktua edukitzeko aukera daukazu, nahiz eta munduko beste puntan egon, eta badakit lagunak, familia eta Zumaia guztia bultzaka izango ditudala. Ea estropada borobil batekin borobiltzen dugun ziklo polit hau!

Maialen Chourraut, hirugarrenaren bila

Iñigo Peñak Francisco Cubelosekin osatzen duen ontzia dominarako faboritoen artean kokatzen da, beraz, esprint modalitateko K2 lasterketan, eta, bestetik, Maialen Chourraut ere dominaren bat janzteko hautagaien artean dago eslalomeko K1 jaitsieran. Lasartearrak goia jo zuen Rion, urrezko domina eskuratu eta, hala, Londreseko Olinpiar Jokoetako brontzeari jarraipen ezin hobea emanda. Tokion ere lehen postuetan egongo dela aurreikusten da. Hirugarren domina olinpikoaren bila abiatuko da lasartearra. Bertan entrenatzen ari da uztailaren erdialdetik.

Ur bizietako eslalomean, baina C1 modalitatean parte hartuko du Ander Elosegi irundarrak. Duela bost urte Rion jokatutako Olinpiar Jokoetan diploma berri bat eskuratu zuen finala zortzigarren postuan bukatu ostean. Hala, Londreseko eta Pekineko jokoetan lortutako laugarren postua ezin izan zuen hobetu Brasilen eta Tokiora bidaiatu du arantza horixe kentzeko, hain zuzen ere. «Dominak lortzeko borrokan» egotea du helburu eta badaki lor dezakeela «bere mailarik onena ematen baldin badu». Horretarako, uztailaren hasieratik dago Japonian, bertako klimara eta uretara egokitzearren.

Esprinteko txapelketak abuztuaren 4an hasiko dira, baina eslalomeko kirolariak ikusteko ez dugu asko itxaron behar izango. Chourraut eta Elosegi, esaterako, igande honetan bertan hasiko dira lehian, sailkapen fasearekin. Euskal Herriko 6.00etan abiatuko da C1eko lasterketa eta 6.47an, K1ekoa. Horien finalerdiak eta finalak –hau da, dominagatiko borroka–, 26 eta 27an jokatuko dira, hurrenez hurren; biak ala biak Euskal Herriko goizeko bederatzietatik gertu.A.U.A.