Eztizen Artola Iturrate
KOLABORAZIOA

Autobusetik jaitsi zirenak

Hamarkada luzeen ondoren agur esan diegu Madrildik beherako bidaiei. Bukatu dira Granada, Huelva, Almeria, Jaen... Baita Puerto de Santa Maria ere.

Egunkariak, sare sozialak, mugikorretako mezuak... ospakizunez bete zaizkigu, zorionez. Amets gaiztoa ez da inondik inora desagertu, baina gauero errepikatu ordez soilik noizean behin agertzea pozgarria da oso.

Hala ere, bada denbora bat hau guztia burutik kendu ezinik nabilela, eta azken asteotako gertakarien ostean, ordenagailu aurrean jarri eta hitzez azaltzen saiatzea erabaki dut. Seguruenik lerro hauek irakurriko dituzuen batzuk ez zarete ados egongo, beste batzuei hautsak harrotzea irudituko zaizue, eta beste batzuei ez dizkizue barrenak mugituko. Baina esperantza daukat baten bati arnasa lasai hartzeko balioko diola.

21 urte dituen neska gazte bilbotarra naiz; 13 urte bete nituenera arte aita kartzela ezberdinetara bisitatzen pasatzen nituen asteburuak, eta bidaiak 2013an bukatu genituen arren, motxiladun umea sentitzen naiz oraindik, ez bainaiz gai izan bizkar gaineko zama hain azkar askatzeko.

Puerto de Santa Marian egin ninduten aita eta amak, 45 minutuko bis a bis labur batean eta onerako eta txarrerako, uste dut hau izan dela nire bizitzari zentzua eman dion ezaugarri nagusietako bat, ezpada nagusiena. Horregatik mugitu naute hainbeste azken asteetako erreportaje, zorion mezu, oroitzapen eta abarrek.

Uztailaren 11n aitari egindako elkarrizketa bat atera zen argitara, zeinean urte luzez senideok egindako bidaiak jartzen ziren balorean. Irakurri eta berehala gehitu nintzen ni ere berriaren zabalpenera; zelan ez nuen egingo amari horrelako aitortza bat eginda? Kontua da, segituan konturatu nintzela ez nintzela konbentzituta egiten ari. Bi ziren buruan buelta eta buelta nituen arrazoiak:

Lehenengoa, elkarrizketatuak. Txiki-txikitatik amorratu nau senideon bizipenez barrukoek hitz egiteak. Badakit bidaia eta bisitak ez direla soilik maitasun keinuak eta badutela, noski, balio politiko izugarria, baina uste dut gu ere bagarela gai guk egindako hautu politikoari hitzak jartzeko. Eta gai izan baino, uste dut bagarela nor.

Bigarren kezka baldintzarik gabeko maitasunarena da. Hau da, beste guztiaren aurretik bisitak lehenestearen betebeharra. Uste dut gutxitan egin zaiela senideei merezi duten aitortza, baina egin zaien horietan, zein eredu izan da txalotu duguna? Elkarrizketa berean aitak kontatzen du garai batean bisitarik gabe utzi zituztela eta, hala ere, senideek Puertoraino bidaiatzen jarraitu zutela. Ostegunean autobusera igo, 1.000 kilometro inguru egin, garai hartan tabako kez betetako giroan ordu luzeak igaro, litera estuetan lo egiten ahalegindu, hori guztia diruz ere ordaindu eta kartzelara iristean barrukoak ikusi gabe buelta eman behar izateko.

Niri errelato bakar hau elikatzeak beldur pixka bat eragiten dit. Badakit autobusera igotzen ziren askok sarritan galdegingo ziotela euren buruari ea ondo egiten ari ziren, ea egindako esfortzuak merezi zien, ea bizimodu hori nahi zuten, ea bide beretik jarraitu nahi zuten. Eta ziur naiz galdera horiei askok baiezkoarekin erantzungo ziotela, hurrengo asteburuan berriz ere paketa mimoz prestatu eta autobusera igo arte.

Baina badaude beste asko, inoiz ezin izan diotenak beraien buruari galderarik egin. Dela beti erakutsi digutelako gure ondokoen ongizatea lehenesten, dela barruan zeuden gudariak ezin genituelako bakarrik utzi, edota ez zeudelako prest erantzunen ondorioei aurre egiteko. Izan ere, zer gertatu da galdera horiei ezetz erantzun dieten emakumeekin?

Hamarka emakume ezagutu ditut 13 urtez egin nituen bidaietan; batzuk barrukoen amak, beste batzuk ahizpak, lehengusinak, lagunak, baina batez ere bikotekideak eta motxiladun umeon amak. Eta, zorionez edo zoritxarrez, badakit zelan tratatu ditugun autobusetik jaistea erabaki zuten emakume gutxi horiek (ez naiz maila pertsonalean ari, mugimendu mailan baizik). Gatazka honetan gutxi aztertu dugu feminismoaren ikuspegitik, eta uste dut korapilo honetan ere asko daukagula ikasteko.

Nik ez diet sekula azalpenik eskatu euren bizitza barrukoak sostengatzeari eskaini ziotenei, eta, beraz, ez dizkiet eskatuko autobusera berriro igotzea ezinezkoa egin zaien emakumeei. Barrukoen bizitzak erdigunera ekartzen ahalegindu gara urte luzez, bada garaia fokua tokiz aldatzeko. Autobusetik edota behetik, zilegiak baitira ibilitako bideak. Batzuek zein besteek, hemen izango nauzue bidelagun.