Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Esateko moduak

Zenbat modu daude maitasunari kantatzeko? Zenbat modu iraultza goratzeko? Zenbat modu amorrua, haserrea edo oinazea agertzeko? Zenbat modu protesta egiteko? Zenbat modutara adieraz daiteke poza? Maitemina? Bakardadea? Zenbat modu daude gure barneko korapiloen bi muturrak agerian uzteko (ea norbaitek baten batetik tira egiten duen)? Zenbat modu daude metaforak egiteko? Zenbat modu bizitza, heriotza eta bien arteko egonaldiaren baldintzak errepasatzeko? Zenbat modu oihu, negar, hasperen, barre egiteko? Zenbat modu justiziari adarra jotzeko?

Zenbat modu topa ditzakegu plazeraren gorazarre egiteko? Zenbat modu sexuaz aritzeko? Zenbat modu itzalekoa, ezkutukoa, alboetakoa, argitara ekartzeko? Zenbat modu ikusezina agerian uzteko? Zenbat modu ote daude gure buruaz aritzeko? Zenbat modu besteez, apur bat, arduratzeko? Boterea lotsarazten saiatzeko? Auzoak zabor-poltsan botatzen duena erakusteko?

Zenbat modu argiarekin, itzalarekin, lainoarekin, eguzkiarekin, haizearekin errimak sortzeko? Zenbat modu ote daude ezer ere ez esateko? Lerdokeriak kateatzeko? Zenbat modu asma ditzakegu adeitsuak, arroak, tontoak, zakarrak, gozoak izateko? Zenbat modu apologia egiteko? Zenbat modu ote daude eskatzeko, zorrak kitatzeko, opariak egiteko? Zenbat modu zaurietan gatza botatzeko? Zenbat modu ez ote ditugu asmatuko azalkeriak konjugatzeko? Justizia eskatzeko? Orduan, zergatik aukeratzen ditugu beti berberak?