Arnaitz GORRITI
ARRAUNA - EUSKADIKO TRAINERU TXAPELKETA

Hondarribia eta Arraun Lagunak, gipuzkoarrak nagusi

«Ama Guadalupekoa» zazpigarren aldiz bilakatu da Euskadiko txapeldun. Aldiz, donostiarrak lehen aldiz nagusitu dira emakumeetan.

Gipuzkoarren eguna izan zen atzo XXXVI. Euskadiko Traineru Txapelketa. Bizkaiko traineruak ari dira orain arte Eusko Label Ligan gailentzen, baina atzo ez zuten nagusitasun hori berresteko inolako aukerarik izan Lekeition. Hondarribiaren, Donostiarraren eta Orioren artean erabaki zen gizonezkoen proba, eta, azkenean, “Ama Guadalupekoa” nagusitu zen, donostiarren eta oriotarren aurretik, hurrenez hurren.

Zazpigarrenez eraman zuen etxera Euskadiko Txapelketa traineru “bikingoak”, baita Ioseba Amunarriz patroiak berak ere. Bigarren ziabogaraino Donostiarra taldeko “Torrekua II” izan zen branka sartu zuena, baina, hirugarren luzean, Lekeitioko estropada eremuaren sekretuetan galduta, donostiarrek amore eman behar izan zuten Hondarribiaren aurrean.

Oriori, bestalde, kalte egin zion aurreneko txandan aritu behar izateak. “Mirotzek” aurreneko bi luze eta erdietan Ondarroa izan zuten aurkari, baina azken ziabogara bidean aldea atera eta azkenengo luzean ez zuten parekorik aurkitu.

Gipuzkoarrek ez bezala, Bizkaiko traineruek egun bereziki petrala izan zuten atzo Lekeition. Santurtzik laugarren postua lortu zuen, baina estropada irabazteko inolako aukerarik gabe; Urdaibaik eta Ondarroak, berriz, nahikoa lan izan zuten elkarren artean branka nork sartu erabakitzen. Azkenean Urdaibai nagusitu zen bizkaitarren arteko lehia horretan, baina azken luzera arte ondarroarrak aurretik izan ziren une oro.

Hori bai, zalantzarik gabe, Zierbenako “galipoek” eman zuten eguneko sorpresarik kaskarrena, KAE 1 Ligan ari den San Pedro baino ezin izan baitzuten atzean utzi. Aurrerago geratzeko aukera izan zezaketenik, gainera, ez zuten erakutsi.

Estropada gazi-gozoa

Emakumeen Euskadiko Txapelketa, berriz, gazi-gozoa izan zen. Gozoa Arrun Lagunak taldearentzat. “Lugañene” traineruak bere historiako aurreneko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, nagusitasun osoz ohorezko txanda menderatu eta estropada eremuko errekor berria ezarrita gainera.

Gazia, aldiz, Zumaiarentzat izan zen batez ere eguna. Izan ere, Zumaiak kale egin behar izan zuen azken unean, covid-19 kasu bat tarteko. Ondorioz, zortzi izan beharrean zazpi traineru soilik itsasoratu ziren. Lekeitiora gerturatu ez zen Zumaiako arraunlari bat PCR probaren emaitzaren zain zegoen, eta estropadaren aurretik jakin zuen positibo eman zuela. Taldekideei berehala berria ezagutarazi zien, eta, zumaiarrek, badaezpada, Lekeitiotik etxerako bidea hartzea erabaki zuten.

Emakumezkoen estropadetan sarri gertatu ohi den legez, ziabogaren ostean hautsi zen parekotasuna. Aurreneko txandan Donostiarra nagusi izan zen, nahiz eta Hondarribia gainetik kentzen nahikoa lan izan zuen. Bigarren txandan, berriz, Orio eta Arraun Lagunak orpoz orpo ibili ziren, Deusto eta Ondarroa aurreneko paladatik bertatik atzean lagata.

Gipuzkoarren arteko lehia estua izan zen arren, aurreneko minututik sartu zion “Lugañene”-k branka Oriori. Ziabogaraino nolabait parekatua joan bazen ere estropada, Donostiako taldea hasi eta bukatu izan zen jaun eta jabe Lekeitioko uretan. Are gehiago ziabogaren ostean, aldea nahi beste zabaldu baitzuen, ia lau ontziren aldea ireki arte oriotarrekiko.

Azkenean, brontzezko domina Donostiarrarentzat izan zen. Laugarren, berriz, Deustuko “Tomatera” izan zen, Hondarribiak baino soilik 21 ehuneneko gutxiagoko denborarekin. Hain zuzen ere, Deustuko arraunlariek lortutakoa izan zen atzo Lekeition Bizkaiko traineru batek lortutako emaitzarik onena.

Azkenik, beteranoen estropadari dagokionez, Badok 13 taldea nagusitu zen beste behin ere.