Ion SALGADO
BILBo

Memoria Historikoaren Legea onartuko du Lakuak asteartean

Beatriz Artolazabalek atzo iragarri zuenez, datorren astean onartuko du Lakuako Gobernuak EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege aurreproiektua. «Inork ez dezala gure aurreproiektuan bilatu mendeku edo mendeku hartzeko asmorik», adierazi zuen.

Lakuako Gobernu Kontseiluak datorren astean, uztailaren 27an, onartuko du EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege aurreproiektua. Hala iragarri zuen atzo Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, 1936ko gerrako bonbardaketei buruzko ikerketa bat aurkezteko ekitaldian.

Gogora Institutuan izandako agerraldian sailburuak adierazi zuenez, «egia eta biktimen oroimena berreskuratzeko printzipioetan oinarritutako aurreproiektua da». «Inork ez dezala gure aurreproiektuan bilatu errebantxa edo mendekua hartzeko asmorik; inork ez dezala etorkizuneko lege honetan konfrontaziorik bilatu, ezta bando eta lubakien politikak berpizteko asmorik ere. Baina irmotasun berarekin esan nahi dut ahaztea eta orrialdea pasatzea ez dela aukera bat», nabarmendu zuen.

Izan ere, Gobernu espainolak asteartean onartutako Memoria Demokratikoaren Legeak eztabaida sortu du. Biktimek kritikatu dute legea, Amnistiaren Legea indarrean uzten duelako eta, beraz, «diktadura frankistak 40 urtez izan zuen inpunitateari jarraipena ematen zaiolako».

 

Bonbardaketen atlasa

Agerraldian Xabier Irujo historialariak egindako ikerketa aurkeztu zuten, joan den mendean Euskal Herrian izandako sarraskiak ez ahazteko garrantzitsua. Lan horren arabera, Hego Euskal Herriko 131 herri bonbardatu zituzten 1936ko gerran, Gernika guztien ikur bihurtu bada ere.

Sailburuak azpimarratu zuenez, bonbardaketa faxista gehienak ez ziren taktikoak izan, ezta estrategikoak ere, «helburua herritarren artean beldurra eragitea eta atzeguardian morala haustea zen».

Gogoraren datu-basea erreferentziatzat hartuta, dokumentalki egiaztatu da 1.441 pertsona hil zirela bonbardaketen ondorioz. Dena den, Xabier Irujok berak uste du askoz gehiago izan zirela identifikatu gabeko biktimak, orduko Agirre lehendakariaren Gobernuaren barne txostenekin bat etorriz.

Egiaztatutako zifrak aintzat hartuta, baina, bi datu esanguratsu ondorioztatzen dira: gerran hil ziren emakumeen %57,82 bonbardaketa baten ondorioz hil ziren; eta 14 urtetik beherakoen %48,79 bonbardaketa baten ondorioz hil ziren.

Ikerketa-lanak 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean EAEn egindako 1.220 bonbardaketa-operazio jasotzen ditu. Aldi horretan, EAEko 127 herri eta Nafarroako lau bonbardatu zituzten. Guztira 2.042 bonbardaketa izan ziren; 1.870, faxistek egin zituzten eta 172, demokrazia babesten zuten indarrek egindakoak dira. Gehienak Bizkaian izan ziren: 811 operazio. Araban 171 izan ziren eta Gipuzkoan, 238.

Lana hedatzea eta datuak bistaratzea errazteko, GeoEuskadi aplikazioan ikerketa lan horretan jasotzen diren puntuak geolokalizatu dira. Horri esker, aldez aurretik ikus daitezke bonbardaketa geolokalizatuaren datu garrantzitsuenak eta informazio gehiago izateko atlasaren orrialdearen erreferentzia.