Patri Urkizuk «Suaren froga» nobela historikoa plazaratu du

«Suaren froga» nobela aurkeztu zuen atzo Donostian Patri Urkizuk. 1530ean Inkisizioak erre zuen Joanes Lopez Zeraingoaren bizitza du ardatz. Zeraindarraren bizitzan ezagutzen ez diren hutsuneak betetzeko, bere garaikideekin enkontru «koherenteak» asmatu ditu Urkizuk.

GARA | Donostia

Patri Urkizuk «Suaren froga» (Erein, 2021) liburua aurkeztu zuen atzo Donostian, irakurlea bidaiatzera gonbidatzen duen nobela historikoa. «Historia tragiko» hau Zerainen hasten da, bertan jaio baitzen Joanes Lopez Zeraingoa protagonista, 1488an, eta Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren suan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik.

«Parisen nengoelarik liburu denda batean duela urte batzuk, La Procure zela uste dut, begi aurrean topatu nuen hainbestetan entzundako Marcel Bataillonen ‘Erasme et l'Espagne. Recherche sur la vie spirituelle du XVI siècle’ tesia, 1937an argitaratua eta Droz argitaletxeak Genevan 1998an berrargitaratua. Liburu benetan funtsezkoa da ezagutzeko XVI. mendeko izpirituaren bizitza eta erasmismoaren eragina Espainian. Eta irakurketan murgildurik nintzela, begiak hautatu zidan nire nobelaren sujeta, zuberotarrek dioten bezala, ezezaguna nuen Joan Lopez de Zerain. Honen bizitzaren eta obraren albiste gehiago jakitea interesgarri iruditu zitzaidan. Banuen gaia», azaldu zuen Patri Urkizuk.

Autoreak Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzaren gorabeherak ikertu zituen nobela idazteko, baina, bertan jasotzen diren beste pasarte batzuk, Urkizuk berak asmatuak dira. Hori bai, pasarte «koherenteak» dira, garaiko errealitatean oinarrituak. Adibidez, protagonistaren eta garaiko pertsonaien arteko enkontruak asmatu ditu Urkizuk, adibidez Nafarroako konkistan partu hartu zuen Inazio Loiolakoarekin, munduari bira ematen lehena izan zen Juan Sebastian Elkano getariarrarekin edo Miguel de Egia inprimatzaile lizarratarrarekin. Arnao Guillen de Brocario Euskal Herriko lehen inprimatzailearen alaba Mariarekin ezkondu eta gero sartu zen inprimagintzan Miguel de Egia eta Gurutzadako Bula edo Nebrijaren Gramatica bezalako obrak saltzeko monopolioa lortu zuen. Erasmoren obren zabaltzaile ere izan zen, eta, ondorioz, kartzela ere pairatu behar izan zuen.

Saiatuagatik, Urkizuk ezin izan du inon aurkitu Joanes Lopez Zeraingoaren lanik, ezta dotrina berria irakasten zuen liburuxkarik ere. «Garaiak gero eta estuago, zorrotzago eta gaiztoago ziren eta, azkenean, Inkisizioaren atzaparretan erori zen, apaizen eta fraideen arteko inbidiak eta salaketak medio», azaldu zuen. Gizadiarentzat hain erabakigarria izan zen argi-ilunez betetako Errenazimentu garaian murgiltzen gaitu Urkizuk bere irudimenari leku eginez eta gureari ateak zabalduz.

Ereinekin hirugarren lana

“Suaren froga” Ereinek plazaratzen duen Urkizuren hirugarren lana da. Idazleak gogoratu zuenez, lehena “Joan Perez de Lazarraga, Dianea & Koplak” (2004) edizioaren prestaketa izan zen, eskuizkribuaren faksimile eta guzti. Bigarrena, berriz, “Balada zaharrez” (2005) entsegua.

Patri Urkizu Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, 1970ean. Besteak beste, Fernando Lazaro Carreter eta Koldo Mitxelena izan zituen irakasle. Azken horrek zuzenduta, Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen “Pierre d’Urteren hiztegia. Londres 1715” tesiarekin, 1986an. Euskara eta euskal literatura irakasle izan da Errenteriako eta Donostiako institutuetan, EUTGn, Bordeaux III Michel de Montaignen eta UNEDen.

Euskal antzerkigintzaz eta bertsogintzaz saiakera ugari idatzi ditu Urkizuk eta sorkuntzan ere aritu izan da, poesian zein narratiban. Honako hauek dira Urkizuk bere ibilbide oparoan kaleratutako lanetako batzuk: “Sekulorun sekulotan” (1975), “Nola Kursaal berria suntsitu zen” (1984), “Etsipenez” (1984), “Zoazte hemendik” (1995), “Idiakez kasuaren kronika” (2021), “Kordobako desterrutik” (2021) eta “Joan Sebastian Elcano, Primus circumdedisti me” (2021).