Ane URKIRI ANSOLA
TOKIO
IREKIERA EKITALDIA

Pandemia eta elkartasuna, inoizko Joko parekideenak abiatzeko osagaiak

Olinpiar Jokoen bost uztaiek, bere horretan, elkartasuna adierazi nahi badute, aurtengo hitzorduan are esanahi handiagoa hartu dute, koronabirusaren pandemiaren gaitza mundu osoari eragiten dion gaitza baita. Tamalez covid-19ak erabat baldintzatuko dituen Jokoak Naomi Osaka lau Grand Slam irabazi dituen tenislariak argiztatu zituen.

Abiatu dira Tokioko Olinpiar Jokoak. Hau irakurtzen dabilenarentzat jada zaharkitua geratuko da ia lau ordu iraun zuen irekiera ekitaldia, Euskal Herriko goizaldean jada euskal kirolari olinpikoak abian egongo baitira –Omar Fraile eta Izagirre anaiak 04.00etan abiatu dira txirrindulari lasterketan, Virginia Diazek 02.50ean jokatu du lehen estropada, hockeykoak ere goiz abiatu dira...–. Azken urte eta erdian guztion bizitzak astindu dituen pandemia garaian zalerik gabe zela inauguratu zen hitzordu olinpikoak, baina, merezi du aitortza. 2011ko Fukushimako tragedia izugarriaren ostean Japonia berreraikitzeko giltzarritzat aurkeztu ziren Jokoak –zuziaren azken erreleboa bertako haurrek egin zuten–, beste gaitz ikaragarri baten erdian egingo dira azkenean, Tokioko biztanleen zati handi bat aurka direla gainera.

Merezi dute aitortza inoizko Olinpiar Joko parekideenak izango diren hauek. Parte hartuko duten 11.000 kirolarietatik %48,8 emakumeak dira, inoizko zifrarik altuena, alegia. Era berean, mistoak izango diren txapelketak Rion baino bederatzi gehiago izango dira (guztira 18); emakumezkoen eta gizonezkoen finalei ikusgarritasun bera eman asmoz, programazioa ere aldatu egin dute; eta atzoko irekiera ekitaldian ia batzorde olinpiko gehienek desfilatu zuten emakume eta gizonezko banarekin –salbuespenak salbuespen–. Estreinakoz, gainera, batzorde guztiek eraman dute gutxienez emakume eta gizonezko kirolari bat Jokoetara. Bada zerbait, oraindik aginte makiladun gehienak gizonak badira ere.

Tokioko Olinpiar Jokoen antolaketaren buru Seiko Hashimoto hitzordu olinpikoaren antolaketa zuzentzen duen bigarren emakumea da, 2004an Gianna Angelopoulos izan baitzen Greziakoen lehendakaria.

Parekidetasunaren bilaketa horretan, irekiera ekitaldiaren maila gorena –suontzia argiztatzearena, alegia– Naomi Osakaren esku utzi izana ere nabarmendu beharrekoa da. Tenislari japoniarrak antsietatea zeukala onartu zuen Roland Garrosen eta oraindik tabu den gai bat jorratzeagatik ikur bilakatu zen, jadanik lau Grand Slam irabazita goi-mailako kirolari bezala aitortza ere bazeukan arren.

Pandemiak eragindako egoera latzenak gogoraraztearekin batera –unerik okerrenetan lehen lerroan egondako langileei aitortza egin zieten, baita etxean bakartuta entrenatzen jarraitu behar izan zuten kirolariei eta bizia galdu duten milioika pertsonei ere–, Olinpiar Jokoen ikur diren bost uztaien elkartasun eta oparotasunerako bidea marraztu zuten irekiera ekitaldian. Olinpiar Jokoek lau urtetik behin –kasu honetan bost urteko zikloa bete da– kirolaren eta herrialde ezberdinen arteko elkartasuna adierazi nahi izaten badute, elkartasun hori pandemiak ere adierazi du: mundu osoaren gaitza izan baita.

Ekitaldian ezinezkoa izan zen mundu guztitik heldutako kirolarien irribarrea marraztea, jada hain gureak bilakatu diren musukoen erruz. Nolanahi ere, kirolarientzat hitzordu zinez garrantzitsua da, azken bost urteetako lana Tokiora begira landu baitute. «Lan arduratsuaren» ikur da Japonian arotz-lana, eta hori islatu asmoz –eta kirolarien lan arduratsuarekin konexioa eginez– zurezko bost uztai olinpikok apaindu zuten estadioren erdigunea.