Arnaitz GORRITI

RION URRE KOLOREZ JANTZITA, TOKION TELEBISTARI ITSATSITA

Dela adinagatik, dela lesioengatik, dela dopinarekin lotutako auziengatik, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan txapeldun izandako hainbat kirolari ez dira Tokion izango. Baina beren balentriek oraindik ere azken oihartzun bat merezi dute kirolzaleen oroimenean.

Orotara 339 lehiaketa jokatuko dira Tokioko Olinpiar Jokoetan, 33 kirol diziplinatan. Hori bai, nahi ala nahi ez, argi dago jada ez gaudela Rioko 2016ko Jokoetan, mundua inork uste baino gehiago eta azkarrago aldatu baita azken bost urteotan, nahiz eta, aldi berean, nolabaiteko paralisia ere pairatzen dugun.

Zalantzarik ez da Tokioko Olinpiar Jokoak covid-19agatik pasako direla historiara. Zorte apur batekin, kirolariek egindako balentriak ere aipatuko dira Japoniako hitzordua gogoratzean. Parisen, 2024ko Jokoetan, gure buruari galdetuko diogu akaso zertan ari ote den Tokion hain ederki ibili zen kirolari bat edo beste, orain Michael Phelps edo Usain Boltekin egiten dugun bezala.

Argi dagoena da Riora begira jartzea ia masokismo ariketa bat dela uneotan. Hasteko, faltan zeozer botako bada, zaleen berotasuna izango da. Burbuilak, telebistaz edo Internetez jarraitu beharra kirol lehiak... Alde ederra cidade maravilhosa ahaztezinak erakutsi zizkigun kolore eta soinuekin! Ez da, hala ere, hutsune bakarra izango. Rioko Olinpiar Jokoen aurretik Zika birusari zitzaion beldurra eta Tokion ere ez da Zikarik izango, bere ziklo olinpikoa nonbait Brasilen amaitu baitzuen, hainbat kirolarik bezala.

Kasu jakinak

Zenbait kirolari faltan botako direla zalantzarik ez da. Jakina zen Michael Phelps eta Usain Bolt ez zirela Japonian izango, 2008an, 2012an eta 2016an lortutako markak, utzitako argazkiak, piztutako ilusioak ez zirela errepikatuko. Hori bai, jakina izateak ez du kentzen hutsuneok oraindik ere mingarriak izaten jarraitzea.

Boltek 2017an esan zien agur goi mailako lehiaketei. Atzean geratzen ziren betiko zortzi urrezko domina olinpiko, 100 metroko, 200 metroko eta txandako 4x100 metroko munduko errekorrak... eta ikuskizuna eta show-a uztartzeko Boltek erakutsitako inork ez bezalako abilezia.

Phelps ez zen showman bat, baina 28 domina olinpiko pilatu zituen bost Olinpiar Jokotan. Onenak emanda zegoen Rioko hitzordurako, baina orduan ere urrezko bost domina lortu zituen, eta zilarra 100 metro tximeletako proban. Ez dago gaizki 2012ko Londreseko Jokoak eta gero gauzak «lasaiago» hartzea erabaki ostean...

«Hasi eta buka jarraituko ditut Olinpiar Jokoak etxetik. Zin dagit», esan berri du Usain Boltek. «Ni pistan nintzenean sekula ez nintzen urduri jartzen, baina, etxean, telebistaren aurrean, urduritu, kezkatu eta ernegatu ere egingo naiz», onartu du Boltek.

Lesioak eta bestelako hesiak

Ibilbide loriatsuak ez dira beti hain ondo bukatzen. Olinpiar Jokoetan hamabi domina, sei urrezkoak, irabazita dituen Ryan Lochte igerilari estatubatuarrari galdetu bestela. Izan ere, Brasil aldean ez zen horregatik egin ezagun, gezurrezko lapurreta bat salatzeagatik baizik. Behar baino gehiago edan ostean, Lochte eta bere lagunek gasolindegi bateko komuna txikitu zuten eta gasolindegiko arduradunak poliziari deitu zion. Hori ezkutatu nahian egin zuen salaketa. Gerora alkoholarekin izandako arazoak onartu zituen Lochtek eta USADA dopinaren aurkako agentziak hamalau hilabeteko zigorra ere ezarri zion, zainetik baimendu gabeko tratamendu bat hartzeagatik –eta Instagramen erakusteagatik!–. Kirolera itzuli zen Lochte arazoak alboratzeko, baina, ia 37 urterekin, ez da Tokion izango, ez baitzuen AEBetako trial gogorren langa gainditzerik izan.

Gogoratzen Mo Farah eta David Rudisha? Britainiarra 5.000 eta 10.000 metroko txapeldun izan zen Londresen eta Rion, eta kenyarrak balentria bera egin zuen 800 metroko proban. Baina lesioek ez diete bakerik eman azkenaldian eta Tokiotik at geratu dira. Allister Brownlee triatleta britainiarrak ere kalbario bera jasan du. Caster Semenyak ere bi urre lortu zituen 2012an eta 2016an, 800 metrotan, baina testosterona larregi ei du hegoafrikarrak eta ez diote 800 metroko emakumeen lasterketan parte hartzen utzi. Horren ordez 5.000 metrotan parte hartzen saiatu zen Semenya, baina ez zen sailkatu.

Behinola koroa izan zuten buru gainean, baina orain etxetik jarraituko beharko dituzte Jokoak. Urduri? Ernegatuta? Gozatzen?