GARA
IRUÑEA

69 ospitaleratze gehiago eta berriz ere 2.000 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko koronabirus kasu berriak ez ziren ostiralean 2.000 kasuetatik jaitsi, Nafarroako eta Lakuako gobernuek emandako datuen arabera. Zehazki, 2.079 kasu antzeman ziren, eta bezperan 2.216. Guztira, 14.832 proba egin ziren, eta 15.659 aurreko egunean. Horrela, lau herrialdeei dagokienez, positiboen tasa %14,02koa da.

Bizkaian izan ziren kutsatu gehien: 941. Aurreko egunean gainditutako milako langara ez zen iritsi ostiralean kutsatuen kopurua, baina bi astean hirukoiztu egin dira positiboak. Bestalde, 451 positibo zenbatu ziren Gipuzkoan (aurreko egunean baino 113 gutxiago), eta 204 Araban (bezperan baino zazpi gutxiago). Osasun Sailaren arabera, beste 42 kasu zenbatu ziren EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Nafarroan, koronabirus kasu berriak 400 baino gehiago izan ziren bosgarren egunez jarraian, Maria Chiviteren gobernuak emandako datuen arabera. Zehazki, 441 kasu atzeman zituzten, bezperakoak baino sei gutxiago. Ostiralean 2.944 proba egin ziren, bezperako 3.073ak baino pixka bat gutxiago. Horrela, positibotasun tasa %14,5ekoa izan zen, bezperako %13,6koa baino altuagoa.

Nafarroako txertaketari dagokionez, ostiralean 4.230 dosi jarri ziren, eta guztira 762.045 txerto jarri dira herrialdean. Txertaketa pauta osoa bete duten pertsonak 373.034 dira.

Ospitaleetako okupazioari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 61 pertsona ospitaleratu zituzten ostiralean koronabirusarekin, aurreko egunean baino hamalau gehiago. Nafarroan, aldiz, zortzi pertsona ospitaleratu ziren. Horrela, Hego Euskal Herrian 69 ospitaleratze berri izan ziren ostiralean.

Guztira, Nafarroako ospitaleetan 76 pertsona daude covid-19arekin, eta ez zen ospitaleratze berririk izan ZIUn, non hamabi pertsona dauden gaixotasun honekin, bezperan baino bi gutxiago. Hildakorik ere ez zen izan. Beraz, pandemia hasi zenetik 1.195 pertsona hil dira herrialde honetan.

Osakidetzako ospitaleetako Zainketa Intentsiboetako Unitateei erreparatuta, 52 ohe daude orotara covid-19a duten pazienteekin, hau da, aurreko egunean baino bi gehiago.