Asier AIESTARAN
PILOTA

Altuna eta Aranguren garaile Ogetako partida borrokatuan

Mariezkurrena indartsu hasi zen, baina amaieran Altunak erabaki zuen dema.

Altuna III.ak eta Arangurenek Caixabank Masterseko bigarren puntua batu zuten atzo Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Amezketako aurrelariak eta Aginagako atzelariak 22-16 menderatu zituzten Elezkano II.a eta Mariezkurrena harmailetan 400 bat pertsona bildu zituen neurketa dibertigarrian.

Jon Mariezkurrenak oso indartsu ekin zion demari, atzeko koadroetan Aranguren zigortu, Altunari jokoan sartzeko aukerak kendu, eta Danel Elezkanori tantoak amaitzeko erraztasunak sortuz. Eta aginte hori markagailuan ere islatu zen: lehen atsedenaldira 8-12 aurretik iritsi ziren urdinak, adibidez.

Baina ordurako ikusten zen Altuna jokatzeko zegoela, eta Mariezkurrenak apur bat behera egin bezain pronto amezketarra izan zen jokoaren erritmoa ezarri zuena. Atzo ere sekulako erakustaldia eman zuen gipuzkoarrak eta 14 tanto egin zituen.

Neurketa asko parekatu zen bigarren erdian, eta markagailuan zazpi berdinketa izan ziren, azkena 16-16koan. Baina hortik aurrera, partidak kolore bakarra izan zuen: gorria. Altunak eta Arangurenek sei tanto jarraian egin, eta 22-16 irabazi zuten.

Albisu indartsu Idiazabalen

Ostiral gauean, Peio Etxeberriak eta Albisuk bigarren garaipena eskuratu zuten Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan Ezkurdia eta Ander Imazi 15-22 nagusitu ostean. Urdinek abantaila handiak lortu zituzten lehen zatian, eta bigarren erdian gorriek hobera egin zuten arren, ez zen nahikoa izan emaitza iraultzeko.

Etxeberriak eta Albisuk oso indartsu ekin zioten demari. Lehen jardunaldian erakutsitako bidetik, atzelari ataundarrak bikain agindu zuen atzean eta aurrelari nafarrak erraz amaitu zituen tantoak. Markagailuan 1-6 eta 3-11 aurreratu ziren berehala.

Ezkurdia eta Imaz, aldiz, oso deseroso ikusi genituen kantxan. Aurrelari arbizuarra, atzean zegoen aldearen jakitun, presaka aritu zen, lagundu nahi horretan pilota asko galduz. Eta atzelari oiartzuarra ere ohikoa duen sendotasunetik oso urrun aritu zen lehen zati horretan. Bikote moduan ere ez zuten elkar ongi ulertu hainbat tantotan. 3-8koan edo 10-18koan, adibidez, elkarri begira geratu ziren pilota eraman ezinik.

Apurka-apurka, eta materialaren eraginez ere bai ziur asko, Albisuren nagusitasuna apaltzen joan zen, eta gorrien jokoak gora egin zuen. Ezkurdiak amaieran tanto on batzuk sinatu zituen eta azken emaitza horregatik ez zen horren deigarria izan. Hori bai, bitik bi galdu dituzte eta datorren asteko neurketa, Elezkano-Mariezkurrenaren aurka, kasik ezinbestean irabazi beharra daukate lehiaketan aukerekin jarraitzeko.

Albisu pozik zen neurketa amaieran: «Ongi nabil, gustura entrenatzen eta fisikoki ere ongi. Ikusten da Peiok ere baduela lekua goian jokatzeko, nahiz eta Aspen konpetentzia handia daukan», adierazi zuen. Ezkurdia, aldiz, kezkatuta azaldu zen: «Oso deseroso sentitu naiz, batez ere lehen zatian. Konfiantzarik gabe, nire jokoa egin ezinik. Bigarren erdian hobeto jokatu dut eta horretan jarraitu beharra dago. Lan egin, ongi entrenatu eta ea azkar berreskuratzen dudan falta zaidan puntu hori»