GARA

Azurmendiren porrota lehen partidan; Virginia Diaz, finalerdietara

Estropadarik onena egin gabe eta sentsazio gozoak baino gazi gehiagorekin arraun eginda, Getxoko Raspas taldeko Virginia Diaz finalerdietara sailkatu da lemazainik gabeko biko ontzian, Aina Cid katalanarekin batera. Hirugarren bukatu zuten sailkapen estropada eta zuzenean pasatu dira uztailaren 27an jokatuko den finalerdietara. Zeelanda Berriko eta Irlandako ontziak sailkatu ziren lehen bi postuetan.

Hedabideei eginiko adierazpenetan Diazek onartu zuenez, «ez da atera landuta geneukan estropada» eta alboko haizeak ere baldintzatu zuen estropada. «Ez da gure egunik onena izan eta kontziente gara zergatik izan den», gehitu zuen. Hala, egindako akatsak finalerdietarako konpontzen saiatuko direla ziurtatu zuen.

Olinpiar Jokoetan gazia eta gozoa erabat elkartrukatzen dira eta Diaz zuzenean finalerdietara sailkatu bada –nahiz eta sentsazioak eskasak izan–, Clara Azurmendik ezin izan du garaipenarekin hasi bere lehenengo Olinpiar Jokoetan. Donostiako badminton jokalariak Seyoung An hegokorearra izan du aurkari aurreneko jardunaldian eta asiarra 2-0 nagusitu zaio (21-13 eta 21-8).

Lehen jokoa 21-13 irabazi du Seyoung An gazteak (19 urte) 19 minutuan, eta bigarrena are emaitza argiagoarekin bereganatu du hegokorearrak, 21-8, nahiz eta iraupena 22 minutura joan den.

Azurmendi C multzoan dago eta hurrengo neurketa astelehenean jokatuko du Dorcas Ajoke Adesokan nigeriarraren kontra Euskal Herrian goizaldeko 05.00ak direnean.

Basterraren debuta

Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldiaren aurretik abiatu bazen futbol txapelketa, atzokoan gizonezkoen hockey eta eskubaloi txapelketako lehen jardunaldiak jokatu ziren. Eskubaloian, Eduardo Gurbindoren bi golekin eta Julen Aginagalde deialditik kanpo geratu zela, Espainiak gutxigatik irabazi zion Alemaniari (27-28). Partida oso estua jokatu zuten bi selekzioek eta bigarren zatian markagailua iraultzea lortu zuen Espainiako selekzioak. Nolanahi ere, garaipena ez zuten erabat lotu Alex Dujshebaev-en azken bi golak lortu eta Alemaniak bere azken jaurtiketa huts egin zuen arte.

Garaipen garrantzitsu hau lortuta, bihar jokatuko den bigarren jardunaldian (Euskal Herriko 9.15ean) Norvegiarekin neurtuko ditu indarrak.

Espainiako hockey selekzioak ere atzo abiatu zuen bidea eta bertan minutuak jokatu zituen Jose Basterra bizkaitarrak, hala Olinpiar Jokoetan debuta eginez. Argentinaren aurka bana berdindu zuen Espainiak. Azken unean eta penalti korner baten bitartez egin zuen Pau Quemadak berdinketaren gola, bigarren laurdenean Agustin Mizziliren bitartez lortutako gutxieneko abantaila berdintzeko.

Bigarren jardunaldia gaur jokatuko dute Zeelanda Berriaren aurka (Euskal Herriko 13.45ean).

Atzo lehiatu ziren euskal kirolarien errepasoarekin bukatzeko, Garbiñe Muguruzak ondo landutako garaipenarekin hasi zuen binakako teniseko txapelketa, Carla Suarezekin bikotea osatuz. Elise Mertens –binakako munduko sailkapenean lehen postuan dago– eta Alison van Uytvanck belgikarrak izan dituzte aurrean.

Muguruza-Suarez bikoteak 6-3 irabazi du lehen seta aurkariek izandako bi galerei esker. Bigarren set zirraragarrian markagailua bost aldiz berdintzera iritsi da, 7-6 amaitu arte, Muguruza eta Suarezen alde.

Lopez-Arostegi saskibaloi jokalaria, Tokiora bidean

Xabier Lopez-Arostegi saskibaloi jokalariak Tokiora bidaiatuko du eta 31 izango dira Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten euskal kirolariak. Hasiera batean, Espainiako selekzioaren hautatzaile Sergio Scariolok azken zerrendatik at utzi zuen, baina azkenean Juancho Hernangomez ordezkatuko du.

Antza Minnesota Timberwolves taldeak ez dio utzi Juancho Hernangomezi saskibaloiko torneoetan parte hartzen.

Jorge Garbajosa Espainiako Federazioko presidentea kexu azaldu zen prentsaurrekoan NBAko taldearekin, «mediku arrazoiez gaindiko» erabaki bat egon dela salatuz. GARA