Andoni ARABAOLAZA
ERRONKA

Luis Alberto Hernandok Anetoko errekorrahobetu egin du

Korrikalari burgostarrak 3 ordu, 38 minutu eta 15 segundo behar izan ditu Benasque-Aneto-Benasque 37kilometroko ibilbidea osatzeko. Hernandoren errekor berriari, gainera, Fedme-k ziurtagiri ofiziala eman dio.

Mendian laster batean egiten diren erronken artean, Anetokoak sona handia du. Errekorraren bila irteten direnek Benasque herria irteera puntua dute. Anetoko gailurra egin eta berriro Benasquera jaisten dira. Denera, 37,6 kilometroko eta 2.300 metroko goranzko desnibela duen ibilbideari egin behar diote aurre.

Duela 23 urte lehen errekorra ezarri zen. Quico Soler lasterkari historikoak, Aneto Xtrem izeneko proban, 3:51:14 denbora egin zuen. Hogeita bi urte igaro behar izan ziren, Solerren ohorezko denbora hobetzeko. 2017. urtean, berez, Marc Pinsachek minutu bat gutxiago behar izan zuen Anetoko gailurrera heltzeko, baina jaitsieran ez zuen aukerarik izan Solerren erritmoa gainditzeko. Joan den urtean, berriz, Borja Fernandezek lehen errekor hori hautsi egin zuen: 3:43:09.

Baina errekor horrek ez du asko iraun; izan ere, hilaren 15ean, Luis Alberto Hernandok aipatu dugun lasterkari kantabriar horren marka txikitu zuen. Korrikalari burgostarrak 3:38:15 denbora egin zuen.

Ziurtagiri ofiziala

Fast Known Time bezala (FKT) ezaguna den erronka hori egiteko, Coronaseko ibilbidea aukeratu zuen. Eta esan dugun bezala, kantabriarraren denbora bost minutuan hobetu zuen.

Hernandok aurreratu du hilabete osoa zeramala mendiaren baldintza onenen zain. Azkenean, hilaren 15ean, goizeko seiak pasatxo zirenean, Benasquetik irten zen. Lehen kontrol puntuetatik igaro zenean, hots, Senartako pistatik, Vallibiernako aterpetik eta Coronaseko aintziratik, Fernandezek baino erritmo arinagoa zeraman.

Glaziarrera heldu zenean, kranpoiak jarri behar izan zituen, eta Mahomako pasagunean ez zuen inor aurkitu. Anetoko tontorra zapaltzeko 2:14:42 segundo behar izan zituen.

Ia atsedenik hartu gabe, 43 urteko lasterkari honek jaitsiera tekniko bati egin behar izan zion aurre. Elurrezko aldatsak ondo kudeatu behar izan zituen, baita granitozko blokeak ere. Jaitsierako erreferentziak hain onak ez zirenez, Hernandok azken kilometroak topera egin zituen. Anetotik Benasquera 1:23:32 denboran jaitsi zen.

Errekor berri honi dagokionez, esan behar dugu Fedme-k ziurtagiri ofiziala eman diola. Horretarako, mendizale federazio espainiarraren hiru epailek Hernandoren jardueraren jarraipen osoa egin zuten. Beraz, Fedme-k Hernandoren errekorra homologatu du.