Idoia ERASO
Baiona

Ürrüstoiko pastoral berritzaileak «Abdelkader» musulmana du sujeta

Gaur Ürrüstoi-Larrabilen antzeztuko den pastorala bereziki berritzailea da, batez ere sujetaren hautaketagatik, Abdelkader gerlari eta jakintsu musulmana baita protagonista. Dantzariei dagokionez ere, ikusiko da berritasunik, satanen pareko dantzari urdinak izanen baitira. Osasun egoera dela eta 1.000 toki besterik ez dira, eta sarrerak agortu egin dira.

Berrikuntza horiek azaldu eta defenditzen ditu Jean-Louis Davant pastoralaren idazleak, bereziki antzezlanaren heroiaren hautaketa, benetako iraultzatzat jo baitaiteke hori. Pastoral dualistak oinarrian du onak eta gaiztoak bezala definitu daitezkeen urdin eta gorrien arteko borroka. Horiek definitzeko beste termino batzuk ere badira, «giristi eta türkak», hau da kristauak eta turkoak. Eta Abdelkader erlijio gizon, gerlari eta jakintsu aljeriarra urdinen atetik aterako da aurten.

Gaiaren hautaketan bere bizitzak garrantzi handia izan duela azaldu du Davantek, bera Aljerian 27 hilabetez frantses soldadu izan baitzen, iraultza garaian, eta protagonista frantses kolonialisten kontra borrokatu zen XIX. mendean. «Nik Aljeria maite dut, eta musulman mundua ere bai; ‘Abdelkader’ biziki ederra da, bestela ez nuen idatziko» baieztatu du idazleak.

Pastoralak oinarri duen polarizazioaren izendapenari buruz zera dio: «Nire ustez, ‘giristi eta türken’ hiztegi hori gainditua da, ez du zentzurik, salbu lehengo istorioak kontatzen ditugularik; beraz, nik gorriak eta urdinak aipatzen ditut, eta kitto».

Sujet hori hautatu izana eta frantsesak gorriz ematearen arrazoia honela azaltzen du: «Abdelkader urdina da, zeren eta ongia egiten duenak merezi du ate urdinetik ateratzea. Bera bere etxean zegoen, eta bere lurra, jendea, fedea eta legea defenditu zituen; baina gu galtza gorritan sartu ginen eta ez ginen etxean, nik hori sentitu nuen han izan nintzelarik. Ni sentitzen nintzen haurra nintzelarik Zuberoan alemanak izan zirenen tokian, okupazioan».

Hautaketa horrek, berritasun horrek, zeresana eman du Zuberoa aldean: «Batzuek erraten didate, kritikatzeko, eta beste batzuek laudorio bezala, kodeak hautsi ditudala. Ez dut xede hori izan, eta ez dut sentimendu hori ere, normal iruditu zait. Nahiz eta ez izan frantses nazionalista, euskal abertzalea baizik, guda hartan parte hartu nuen, nire nahiaren aurka izan bazen ere».

Horrek iraultza bat ekar ote dezakeen galdetuta, hauxe dio: «Ez nuen asmo hori, denborak erranen du horrela izan den ala ez. Abdelkader maite nuelako, eta gizartean musulmanekin daukagun arazoan eskua sartzeko xedearekin idatzi dut».

Lau herritako biztanleek eginen dute Ürrüstoi-Larrabilen antzeztuko den pastorala, harrera herria izango denaz gain, Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine eta Sarrikotapen. Biztanleei pastoralaren gaia proposatu zielarik ez zen kontrakotasunik izan, eta gazteak bereziki ados agertu zirela azaldu du egileak. Biltzar ireki batean hautatu zen gaia, eta «gehiengoak alde egin zuen, beste aukera Nafarroako Blanka erreginaren historia zelarik». Herritarren artean kontrakotasunik ez zela egon adierazi du Davantek eta, «momentuz ez dago polemikarik, antzeztu eta gero ikusiko da».

Abdelkader 1808an sortu zen Aljerian, eta Sirian zendu zen 1863an. «Hiru gizon ezberdin» bezala ikus daitekeela azaltzen du idazleak: «Erlijio gizona izan zen, baina gudari egin zena frantsesen konkistari buru egiteko, eta Oran aldeko leinuek emir izendatu zuten. Gerra galdu zuelarik Frantziara preso ekarri zuten, eta denbora batez Pauen egon zen. Azkenik, bere lehenbiziko bokaziora itzuli zen eta erlijioso jakintsua izan zen». Arabiar literaturan toki gorena du, bere olerkiengatik, baina «teologian eta filosofian aritu zen eta pentsalari gorena izan zen. Katolikoa izan balitz kanonizatu egingo zuketen».

Dantza

Dantzari dagokion berritasuna pandemiaren ondorioz izan zen atzerapen garaian egina izan da: «Errejentak proposatu zidan dantzari urdinen sartzea satan gorrien alboan». Errejent lanetan Battitt Berrogain aritu da, 69 arizale, 15 dantzari eta 12 haur gidatzen. Sophie Larrandaburu izanen du lagun kantu egile eta eramaile lanetan.

Dantzetan izanen den aldaketa honek erantzun polemikoagoa izanen duela uste du jada hamar pastoral idatzi dituen Davantek: «Horrek bai kritikak sortuko dituela puristen artean, lehen horrelakorik ez zelako».

Baina horretarako ere erantzuna badu sortzaileak: «Satanak ez ziren beti izan pastoraletan; Frantses Iraultzaren denboran sartu ziren, dirudienez Ürrüstoin izan zen, eta ikusleriak biziki gaizki hartu zituen, orduan gauza itsusiak erraten zituztelako; azken garaian zibilizatu egin dira».

Izan ere, tradizioa denborarekin aldatuz doala nabarmendu du. «Etenik gabe, bizitza bezala. Pertsona batzuek txikitan ikusi zutena bezalakoa nahi dute, baina ez da fidatzen ahal bakarrik ikusten denarekin, paperetara ere joan behar da, eta hor ikusten da aldaketak izan direla».

Osasun egoerak ekarri duen tokien gutxitzearen ondorioz antolaketa aldatu dute, eta ikusleak agertokitik biziki hurbil izanen dira, eta oholtza ia lurrean kokatuko da. «Alde horretatik, ustekabean, berrikuntza handia izanen da. Pandemia txar horri esker, beharbada beste batzuk inspiratuko ditu, eta ea usaiako kermezatik urruntzen garen, eta intimitate gehiagorekin egiten den pastorala».