Surflari ernegatua

Kirol kronikak

Pasa den astean iragarri genuena gertatu da Tokion: «Brasildarrek irabaziko dute mutiletan, baina gainontzeko postuetan auskalo zer gertatzen den». Beraz, lehiaketa aldetik ez da txapelketa ikusgarria izan, baina, aldiz, interesgarria izan da surf olinpikoko albisteak irakurtzea. Guztiek iturri beretik edan dute, oso antzeko esaldi eta hitzak erabili baitituzte, surf munduan erabiltzen ez direnak, niretzat oso arrotzak, baina nire kuadrillako futbolzaleentzat guztiz ezagunak.

Albistea jorratzeko moduak ere nire arreta piztu du: zer-nolako akzioa eta suspensea! Egiaz gustatuko litzaidake horrela idazteko gai izatea, baina kontziente naiz inoiz ez diodala lehiaketa bati halako zukua aterako. Nik deus esanguratsurik ikusten ez dudan lekuan sekulako abenturak kausitzen dituzte kirol kronikariek. Surflari bat erortzea, adibidez, itzelezko gertakaria da! Gertaerak puzteko gaitasuna badut, horretan asmatuko nuke, baina gertatu gabekoak asmatzen oraindik ez dut ikasi. Hori ere iritsiko da egunen batean, egiaz zerbait lortu nahi duenak erabiltzen ikasi behar duen ezinbesteko bitartekoa baita, baina denbora gehiegi pasa dut borondate oneko lagunez inguratuta, bizi honetan ganorazko zerbait egiteko.

Tifoiak, hiru metroko olatuak eta «baldintza ezin hobeak» aipatu dituzte kazetariek “kopiatu-itsatsi” kroniketan. Gertakariak puzteak irakurketa arintzen laguntzen du, baina edozein irudi edozeinentzat eskuragarri dagoen garaiotan hiperbolea muturreraino eramateak errealitatea desitxuratu dezake. Esaterako, Italo Ferreira txandara berandu iritsi zelako galtza bakeroekin lehiatu zela zabaldu da (soilik hedabide espainiarretan), baina, irudiak ikusita, nik behintzat galtza bakerorik ez dut ikusten. Ferreirak itzelezko mila gauza egin ditu, horren adierazle da urrezko domina jaso ostean podiumetik jaisteko egin zuen salto mortala. Ez dago egiten duena desitxuratu beharrik, izan ere, sekulakoak egiten ditu jada!

Edonola ere, Ferreiraren kontu horrek Nikcy Wood ekarri dit gogora. Australiarrak sekulako talentua zuen, baina baita sekulako gibela ere; haren patxadak arerio guztiak izutzen zituen. Oso denbora laburra egin zuen tourrean Australiako taberna zuloetan galdu eta bere gibela erabat birrindu aitzin, baina denbora gutxian emaitza oso onak lortu zituen.

Wood 16 urterekin hasi zen lehiatzen munduko tourrean, 1987an, eta lau txapelketa irabazi zituen lehen urtean. Hori bai, Ferreiraren bakeroek burura ekarri didaten pasadizoa 1991n gertatu zen, Brasilgo Guarujako hondartzan. Fabio Goubeia brasildarraren aurkako finala hastear zela bozgorailuetatik behin eta berriz deitzen zuten Nicky, baina ez zen inondik ere ageri. Finala hasi zen, hondartza jendez gainezka zegoen eta Goubeia bakarrik zen uretan. Halako batean, jada txandaren erdi aldera, hondartza ondoan zegoen hoteletik atera zen lasai-lasai Nicky, praka bakeroak jantzita, tripa bistan, esku batean toalla eta bestean taula zituela. Patxada osoz bainujantzia jantzi eta itsasoratu egin zen. Itsaski handia zegoen eta kosta egiten zen barruratzea, baina Nickyk bi olatu hartu eta txapela eskuratu zuen. Hori benetan gertatu zen.