Iker BIZKARGUENAGA
DONOSTIA
HEZKUNTZA SISTEMA, AUZITAN

Euskal hezkuntza eraldatzeko ibilbide-orria osatu du EH Bilduk

Egungo ereduak herri honen erronkei erantzuteko gai ez direla iritzita, EH Bilduk euskal hezkuntza sistema publiko burujabea erdiesteko bidea marraztu du, eta larunbatean jorratuko du, Konferentzia Politikoan, EAErako egitasmo zehatza. Pello Otxandianok esan zuenez, koalizioak «prestasun osoa» du horren gainean akordioak lortzeko.

Hezkuntza sistemak eta haren gaineko hausnarketek garrantzi handia izango dute hasi berri den ikasturtean. Hala adierazten dute azken egunetako hainbat adierazpenek, hala nola Lakuako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek egindakoek eta Eusko Ikaskuntzak bideratuta iragan asteburuan Donostian izandako eztabaida saioak, nazio mailan gogoeta eta akordioa lortzeko abian jarritako prozesuaren baitan kokatzen denak.

Eta, bide beretik, EH Bilduren Mahai Politikoak onartutako hezkuntza sistema burujaberako proposamena jorratuko du larunbatean haren Konferentzia Politikoak. Hain zuzen, herri honek duen erronkarik handienetakoa horixe dela iritzita, koalizioan hilabeteak daramatzate gaia lantzen, Pello Otxandiano programa zuzendariak atzo nabarmendu zuenez.

Berak azaldu zituen proposamenaren nondik norakoak eta testuingurua. Aipatu zuenez, «gehiago itxaron ezin dezakeen gogoeta estrategiko sakona» egitea beharrezkoa da, eta, ildo honetan, gaineratu zuen badagoela «zer hobetu eta nondik ikasi hezkuntza ereduari dagokionez». Badaude, halaber, «epe laburrean hezkuntza sistemak kolokan» jar ditzaketen mehatxuak, hala nola «jaiotza tasaren beherakada, segregazioak eta euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada».

Dena den, horiekin guztiekin batera, EH Bilduk «aldaketa gogoa» igartzen du hezkuntza komunitatean; hots, irakasle, guraso zein ikasleengan, eta uste du «badagoela kontzientzia bat, zer hobetu badugula, hobeto egin dezakegula eta hobeto egin nahi dugula». Ez hori bakarrik, azken urteetan indar asko metatu dela uste du koalizioak, eta «euskal hezkuntza agertoki berri batera eramateko» eragile desberdinek egin dituzten gogoeta eta proposamenak eta egin dituzten ekinaldiak goraipatu zituzten atzo.

Hezkuntza hitzarmena EAEn

Testuinguru horretan kokatu zuen Otxandianok Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen “Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen” jardunaldia, eta euskal hezkuntzaz akordio nazional bat egiteko asmoz abiatu den prozesuari «babes osoa» adierazi zion, «azken urteetan metatu den indar sozial hori bildu eta norabide emankor batean askatzeko aukera eman dezakeelako».

Hain zuzen, EH Bilduren aburuz, akordio nazional horren ispiluari begiratu beharko liokete EAEk zein Nafarroak hezkuntza hitzarmenak lantzeko orduan, «bakoitza bere baldintza konkretuetatik abiatuz». Eta baldintza horietako batzuk bertan «aldekoagoak» direla iritzita, EH Bilduko ordezkariak esan zuen Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza hitzarmen bat osatzeko momentua iritsi dela.

Hitzarmenak, gutxienez lau ezaugarri izan beharko lituzkeela esan zuen Otxandianok, eta horrela zerrendatu zituen: «Herri ikuspegiz landua; euskal hezkuntzaren fase historiko berri bat irekiko duena. Eraldatzailea; hezkuntza sistemaren sakoneko eraldaketa bat abiatuko duena, trantsizio baterako jauzi kualitatibo bat izango dena. Bateratzailea; etorkizunaren gaineko bisio partekatu batek gidatua. Eta euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan jarriko duena». Gainera, elementu horiek ezaugarritzeaz gain, hitzarmena «adostasun politiko eta sozial zabal baten emaitza» izan beharko litzatekeela esan zuen, «oinarri sendoekin eraikia, datozen hogei urteetarako bidea irekiko duena».

«Hezkuntzak estatu ikuspegiko hitzarmena eskatzen du», laburbildu zuen prentsaurrekoan EH Bilduko programa zuzendariak. Hala, larunbateko konferentzian eztabaidagai izango duten hezkuntza proposamen berritua «ezker independentismoaren posizio politikoa finkatzen duen dokumentua» dela esan eta koalizioaren militantziari «mandatu» bat egiten diotela azaldu zuen: «Hezkuntza hitzarmena lantzen hastea, proposamen berrituak markatzen duen norabidearen baitan».

Horrekin batera, kazetarien galderei erantzunez, EH Bilduk hezkuntza hitzarmena beste eragileekin negoziatzeko eta adosteko «prestasun osoa» duela esan zuen Otxandianok.