GARA
washington

216 milioi lagunek migratu beharko dute klima dela eta

Munduko Bankuaren arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikan 86 milioi lagunek migratu beharra izango dute 2050. urtea baino lehen klima aldaketaren ondorioz, Ekialdeko Asian eta Ozeano Barean 49 milioik eta Hegoaldeko Asian 40 milioik. Afrika iparraldean, berriz, ura eskuratzeko aukera eza izango da arazo nagusia datozen hiru hamarkadetan.

Aldaketa klimatikoak sei eskualdetako 216 milioi pertsona migratzera behartu ditzake 2050. urtea baino lehen, Munduko Bankuaren txosten berri baten arabera. Astelehenean argitaratutako “Groundswell” txostenaren bigarren zatiak jasotzen duenez, «eboluzio moteleko klima aldaketak uraren eskuragarritasunean, laboreen produktibitatean eta itsas mailaren igoeran izango duen eraginak gero eta presio handiagoa eragingo die biziraupenerako bitartekoei eta giza ongizateari».

“Groundswell” txostenaren bigarren zatia 2018an kaleratutako lehen txosten batean oinarritzen da, eta agertokietan oinarritutako modelizazio ikuspegi bera erabiltzen du. Saharaz hegoaldeko Afrika, Hego Asia eta Latinoamerika landu zituen lehen txostenak, eta, bigarrenak, Ekialdeko Asiako, Ozeano Bareko, Afrikako iparraldeko, Ekialdeko Europako eta Erdialdeko Asiako proiekzioak gehitu ditu.

Bada, txostenaren arabera, «klimak eragindako barne migrazioak gora egin dezake datozen hiru hamarkadetan» eta «eskualde pobreenei eragingo die intentsitate handienarekin», garapenaren arloan egindako aurrerapenak iraultzerainoko mehatxua sortuz.

Proiekzioen arabera, eskualdeka, Saharaz hegoaldeko Afrikan 86 milioi lagunek migratu beharko dute klima aldaketaren ondorioz 2050 baino lehen; Ekialdeko Asian eta Ozeano Barean, 49 milioik; Hegoaldeko Asian, 40 milioik; Afrikako iparraldean, 19 milioik; Latinoamerikan, 17 milioik, eta Ekialdeko Europan eta Erdialdeko Asian, bost milioik. Adibide gisa, Afrikako iparraldean milioika lagunek utzi beharko dituzte euren etxeak hurrengo hiru hamarkadetan ura eskuratzeko ezintasunagatik, zehazki, Tunisiako ipar-ekialdean, Aljeriako ipar-mendebaldean eta Marokoko mendebaldean eta hegoaldean.

«2030erako nabarmenak izango dira klimak eragindako lehen migrazio fokuak, eta gerora areagotu eta hedatu egingo dira», nabarmendu dute Kanta Rigaud eta Viviane Clement txostenaren egileek. «Emisioak murriztea eta garapen ekologiko, erresiliente eta inklusiboa bermatzea da klima aldaketaren giza kostua gelditzeko ardatza», azpimarratu dute. Txostenaren arabera, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteak eta garapen inklusiboa eta erresistentea bermatzeak barne migrazio klimatikoa %80 murriztu lezake.