Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Buru gutxi

Istripu baten ondorioz bukatu genuen Kaliforniako hiririk aberatsenetako bateko polizia-komisaldegian. Harrera egin zigun poliziaren bizkarra, lepoa eta besoak hain ziren zabalak, ezen bi gauza etorri zitzaizkigun segituan burura: bat, AEBetan bulego-espazio irekiak behar zituzten zinez, horrelako idiak bertan kabituko baziren; eta bi, gihar asko, buru gutxi, Siniestro Total taldearen kantaren leloa. Baina oker geunden, guk datu gutxi eta erdizka eman arren, ordu-erdi eskasean topatu zuen autoarekin bizikleta jo eta ihes egin zuenaren izena eta helbidea. Burua ere bazekien erabiltzen zezen urdin hark. Lehendik ere sumatu genuena egiaztatu zigun horrek: Hollywoodeko fikzioa oso da errealista.

Sundiata Acoliren kasuaren harira, beste ezusteko atsegin bat eman didate AEBetako polizia batzuek. Acoli 1973tik dago preso; 48 urte, erraz esaten da. «Pantera beltz» presoetan zaharrena da, 84 urterekin. Abuztuan polizien lau taldek Acoli aske uzteko eskatu dute, kartzelan mantentzea «arraza-justiziaren aurkako iraina» dela eta, behin-behineko askatasuna behin eta berriz ukatuz, askatasun-batzordeak legea hautsi duela salatu dute gogor. Acolik eta beste hamaika «pantera beltz» ohik 50 urte egingo dituzte laster preso, eta, legea beteta, horiek askatzeko deia egin dute polizia talde horiek.

George Floyd belaunez itotzeko teknika bezalakoak azkar asko kopiatzen dituztela erakutsi digute gure inguruko poliziek. Inportatuko al dituzte Acoliren askatasunaren gisako bidezko eskaerak? Apustu egingo nuke lehenago ikusiko dugula, eman dezagun, espainiar Estatuaren Gobernuko presidenteorde ohi bat egunkari honetan artikuluak idazten, espainiar edo frantziar Estatuko polizia bat («nazional» nahiz autonomiko edo foral) euskal preso politiko baten askatasuna eskatzen baino; edo, zer esanik ez, atxilotu bati egindako torturak edo horietan oinarritutako akusazio faltsuak aitortzen. Baina oker egon ninteke. Akaso giharrez gain, burua (eta kontzientzia) entrenatzen hasiak dira gaur egungo polizia-akademia, kuartel eta komisaldegietan. Akaso ez.