GARA
GENEVA

Lanaldi luzeegiak dira laneko heriotzen arrazoi nagusia

Lanaldi luzeegiak –55 ordutik gorako lan asteak dituzte herrialde batzuetan– dira laneko heriotzen arrazoi nagusia, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) atzo kaleratutako txostenak jasotzen duenaren arabera. «Lanordu luzeak laneko arrisku faktorerik hilgarriena dira», nabarmendu zuten.

Ia bi milioi pertsona hil ziren 2016an lan-istripuz edo gaixotasun profesional baten ondorioz. 2000tik aurrera etengabe gora egin du heriotza mota horrek eta baliteke pandemiarekin areagotzea, Nazio Batuen Erakundeak nabarmendu duenez. Hala ere, laneko heriotzen arrazoi nagusia lanaldi luzeegiak direla zehaztu du.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) elkarrekin egindako lehen kalkulu honek 2000 eta 2016. urte arteko aldia hartzen dute, eta, beraz, ez du koronabirusaren pandemiaren eragina jasotzen. OMEren aurreko txosten baten arabera, pandemiak ordu gehiagoz lan egiteko joera areagotu du, laneko heriotzen kausa nagusia. «Inork ez luke gaixotu edo hil behar bere lana egiten», azaldu zuten, atzo, Tedros Adhanom Ghebreyesus eta Guy Ryder erakundeetako zuzendari nagusiek.

2016an 1,9 milioi pertsona hil ziren laneko istripu edo gaixotasunen ondorioz; 2000. urtean, berriz, 1,7 milioi. Denbora horretan, hildakoen kopuruak etengabe egin zuen gora, baina biztanleria osoarekiko portzentajeak %14 egin zuen behera.

«Ia bi milioi heriotza goiztiar ekidin daitezke. Eskuragarri dauden ikerketetan oinarritutako neurriak hartu behar dira, laneko osasunerako arriskuen bilakaeran kontzentratzeko», nabarmendu du OMEk.

2016an 750.000 pertsona hil ziren garuneko istripu baskular baten ondorioz, gutxienez astean 55 orduz lan egiteagatik, OMEren arabera.

Lantokian atmosfera kutsatua (partikulak, gasak eta keak) izateagatik ere 450.000 hildako izan ziren.

2016an heriotzen %80 gaixotasunek eragin zituzten. Biriketako gaitz buxatzaileak izan ziren ohikoenak, txostenaren arabera (450.000 hildako), garuneko hodietako istripuekin (400.000) eta kardiopatia iskemikoekin batera (350.000). Kardiopatien eta garuneko hodietako istripuen ondoriozko heriotzak, askotan lanaldi luzeegiekin lotutakoak, %41 eta %19 ugaritu ziren, hurrenez hurren. Lan-istripuek 360.000 pertsona hil zituzten; hau da, lan-heriotzen %20 inguru.

«Harrigarria da hainbeste pertsona beren lanaren ondorioz hiltzen direla ikustea», adierazi zuen Tedrosek.

«Gure txostena alarma seinale bat da, herrialdeek eta enpresek langileen osasuna eta segurtasuna hobetu eta babestu dezaten», gaineratu zuen.