Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Urteurrenak (II)

Dorre bikien kontrako erasoaren urteurrena baino egun batzuk lehenagotik hasi ziren komunikabide estatubatuarrak herritarren memoria xaxatzen, “mundua aldatu zuen gertaera”-ren harira. Gehienek, memoria ofiziala bihurtu denari jarraituz, erasoak AEBetan eragindako biktima kopuruan eta haien familien galeran jarri zuten arreta. Haien artean komunikabide gutxi batzuek azaldu zuten eszenara iristen lehenak izan ziren horietako asko eta inguruan zebiltzan hainbat ere hil egin zirela hurrengo urteetan eraikinen erorketak sortutako hauts toxikoak eragindako gaixotasunen ondorioz; orain arte ofiziala zen biktimen kopurua handitzen du horrek eta tragediaren esanahia konplikatzen. Datuak ofizialak ala berrikusiak izan, komunikabide hauen diskurtsoa “AEBen apartekotasuna” deritzon horretan oinarrituta zegoen, horren arabera estatubatuarren biktimizazioa izan baitzen “mundua aldatu zuen gertaera”. Aurten, ordea, O’Callaghanek nazio-estatuak batasuna sustatzeko darabiltzan “ezkutaketa mekanismoen” kontra egin duen hedabiderik izan da. “The New York Times” liberalak modu moderatuan egin du, 2001eko irailaren 11ko erasoaren ondotik AEBek martxan jarritako “terrorearen kontrako gerrak” izandako eragina aztertuz. “Democracy Now” hedabideak, berriz, modu nabarmenagoan egin du gertaeraren ostean etorri zena azaldu ez ezik gertaera bera eragin zuen horretan sakondu baitu (AEBen politika inperialistak Ekialdean) eta herrialdearen sorrerarekin (kolonialismoa) harremanetan jarri.