GARA
BILBO

Lakuak, Tubacexek eta langile batzordeak beste bilera bat egingo dute bihar

Lakuako Lan Sailak, Tubacexeko zuzendaritzak eta langile batzordeak hirugarren bilera egingo dute bihar, «lanean jarraitzeko eta gatazkari irtenbidea bilatzeko» asmoz.

Lehen bilera joan den asteazkenean egin zuten; Elena Perez Lakuako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak batu zituen «gatazkaren benetako egoera» ezagutzeko helburuz. Bilera enpresak eskatuta egin zen.

Asteazkeneko bileran gatazka zer unetan dagoen aztertu zuten, alde bakoitzak bere ikuspuntua azaldu zuen eta ostiralean jarraitzeko geratu ziren. Lan batzordeko eta enpresako ordezkariekin lanean ari dela esan zuen Perez sailburuordeak, «irtenbide hitzartu bat» aurkitzeko, gatazkari amaiera eman eta Tubacex enpresari «normaltasunera itzultzea» ahalbidetzeko.

Ostiraleko bileraren inguruan zeharka aritu zen Bilbon egindako agerraldi batean. Mahaiaren inguruan batzen diren guztiak «gatazka luzeari irtenbide adostu bat emateko lanean» ari direla errepikatu zuen egin zizkioten galderei erantzunez.

«Esan genuen bezala, munduko diskrezio osoaz arituko naiz», nabarmendu zuen. Zehaztu zuenez, gainera, bilerek aurrera jarraitzen dutela esateaz harago, ez dagokio bere Sailari «baloraziorik egitea».

«Biltzen jarraitzen dugu, lanean ari gara eta ahalik eta lasterren akordio batera iristen saiatzen; bi aldeentzako ona izan dadin eta enpresari normaltasunera itzultzeko aukera eman diezaion», gaineratu zuen Lakuako sailburuordeak.