Jon GARMENDIA
Idazlea

Ainara hegalduna

Emaitza guztiak onartzeko prest zaudela erran duzu, beldurrak saminean eragin dizula; ezezaguna zaizun gaitz bat ezagutu beharra, zurekin bizi daitekeen jakitea, kezka. Izuek itxaropenen ertzak ukitu dizkizutelako agian, mugak estu ikusten dituzu, eta zure baitan kiribilduta denbora gehiegi pasa duzula ohartua zaude, baina hor, hausturaren zain gelditzea ez dela aukera bat aitortu didazu. Zuk ttipidanik eduki duzu Creative Commons, zure-zurea den esentzia, partekatu ezin den zeozer, ezen egun, arrazoia ukaitearren dena eztabaidagai den garaian, norberaren borondatea zapaltzea legearen ikuspegitik neurtzen da. Borroka egingo duzu. Aupa zu. Tira, borroka egitea baino gauza garrantzitsuagoak badaudela bururatu zait segidan, baina segituan ulertu dut oinak lurrean edukita egingo duzula hegan, ainara bat zarelako; Irabaztea da garrantzitsuena, lehentasuna ez da borroka egitea, lehentasuna irabaztea da. Indibiduoek lehenik, kolektiboak gero, herriak, eta munduak, noizbait. Ez naiz Kant, eta ez neukan gogorik immanentziaren eta transzendentziaren diferentziaz mintzatzeko, baizik zuri laguntza ttipi bat luzatzeko, besterik ez. Zaila da holakoetan ezer erratea! Baina beti bezala, hobe sobran izatea, zuk, faltan sumatzea baino. Azkenik, zeure buruaren kontra egiten baduzu, irabaztea emaitzarik txarrena dela erran dizut, eta egitekotan, borroka, zeure buruaren alde egiteko.