Surflari ernegatua

Etzanda zain

Askotan ikusten ditut, hondartzetako aparkalekuetan edo malekoian, surf taula zerbaiten kontra zutik uzten duten surflariak. Batzuetan, taulen jabeak neskato xarmantak badira haiengana gerturatu eta zera esaten diet: «Lurrean etzanda uzten baduzu, ez da eroriko». Kontu handiz zuzentzen naiz haiengana, zeren egun halako zerbait esatea ere «eraso» moduan har daiteke.

Inoiz inork ez dit kasurik egin eta inoiz ez dit balio izan ligatzeko, baina taula anitz ikusi ditut erortzen, eta zer nahi duzue esatea, plazer ematen du. Bizikletan norbait erortzen ikustea bezala da, mina hartzen badu ere sarritan grazia egiten du.

Aspaldi, surf egiten ikasteko “Uhinekin jolasean” bideoa egin genuenean, taula zutik jartzearen adibidea jarri genuen «egin behar ez diren gauzak» atalean. Jordi lagunak, grazia handiarekin taula bat hormaren kontra jartzen zuen eta haizearekin taula lurrera erortzean eskuak burura eramaten zituen, antzezlan bikaina eginez.

Irudi haiek hartzeko marka ezagun bateko taula zahar bat erabili genuen eta irudiak argitaratu zirenean aipatuko ez dudan marka horretako zenbait ordezkariren kexak jaso genituen. Ez genuen nahita egin, gure ustetan, gainera, haiei propaganda egiten ari ginen, baina haien iritziz, propaganda txarra egiten genien. Tira, min gehien nahi gabe egiten da eta, egia esan, orain perspektibaz begiratuta, pozten naiz marka indartsu bateko jauntxoei nazka apur bat eman izana.

Haiek ere bideo bat egingo zutela eta lotsagarri utziko gintuztela mehatxatu gintuzten. Ia 20 urte pasa dira, egun errazagoa litzateke surfean ikasteko bideo on bat egitea, baina oraindik zain nago, etzanda, ea lotsagarri noiz uzten gaituzten...