GARA
DONOSTIA

Aniztasunaren testigantzak entzungo dira Gipuzkoako ikasgeletan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aniztasunetik Eraikiz egitasmoak hainbat testigantza eramango ditu ikasgeletara, gazteen artean estereotipoak gainditu, gorroto mezuen aurkako jarrera sustatu eta «aniztasunaren aldeko konpromisoa» indartzeko asmoz.

Programaren berri eman zuen atzo Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, eskolaz eskola beren testigantza eskainiko duten bi pertsonarekin batera. German Urteagak eta Junkal Cepedak, beste hamar gipuzkoarrekin batera, migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren, LGTBIQ+ pertsonen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emango diete lurraldeko gazteei.

Zazpi ikastetxetan hasiko dira, «hiru urteko lanketa» zabalduz. DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratuko dute eta hainbat gaitasun garatzeko ariketak proposatuko dituzte: aniztasuna eta enpatia, lehen urtean; giza eskubideak eta partaidetza, bigarrenean; eta gorroto mezuak eta sormena, hirugarrengoan.