Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Hatzak eta ilargia

Hatza eta ilargia uztartzen dituen esaera zaharra, ia beti, bigarrenari begiratu ordez lehenari so geratzen denaren burugabekeria azpimarratzeko erabili ohi da; jakintzat emanez guztiok badakigula ilargia dela garrantzizkoa. Ez da horren gardena kontua praktikan.

Ikusi besterik ez dago puri-purian dugun Aukus sorberriaren inguruko urpeko ontzi nuklearren iskanbila. Ikus-entzuten ari garenaren arabera, balirudike zalapartaren muina dela Morrison jaunak eta konpaiek Frantziari egin dioten itsuskeria lotsagarria. Eta horrek jada izan dituen ondorioak eta izango omen dituenak (hutsaren hurrengoak, apustu).

Bere gatza eta piperra baduen hatz horri begia kendu ezinik daudenei, haatik, gogorarazi beharko zaie «etxeko estiloa» dela aliatuak omen direnak salduta uzteko hori. Hortxe dago Bagrameko kasua, urruti gabe. Horren ifrentzua ote da orain arte gure artean «Gila doktrina» zena eta orain jada mundu mailan «Milley doktrina» deitu beharko den hori? «Aizu, egon lasai; eraso behar badizuegu, abisatuko dizut». Nola dagoen... ilargia!

Ilargia baita, antza, oharkabean geratzen ari den hori. Gehienera, omenka, esaten da aliantza «berria» Txinari «eusteko» izango omen litzatekeela. Beste inoren aurkakoa izan baliteke bezala. Eta, noski, aipatu ere ez dira egiten oinarrizko egitateak. Bat: urpeko ontziak oro har, baina nuklearrak beregainki, eraso-armak direla antonomasiaz. Ur gaineko ontzidien sasoia amaitzen ari daitekeenean, zer esanik ez.

Bi: propultsio nuklearra duten urpeko ontziak ia zentzugabeak direla... arma nuklearrik gabe. Beraz, urpeko ontzi eta arma nuklearrak dituzten herrialdeen zerrendan bat gehiago jartzen has gintezkeela.

Hiru: orain arte arma nuklearrik gabea zen Hego hemisferioan ataka irekitzen duela pauso horrek. Eta hiruzpalau potentzia ertain daudela joko-zelai horretan. Ipar hemisferioko ondorioak kontuan hartu gabe.

Ez dakit joko geoestrategiko horietan dabiltzanek ba ote dakiten zertan ari diren.

Gero eta garbiago daukat, haatik, arrazoi zuela Mark Twainek: Jainkoak gerra asmatu zuen estatubatuarrek geografia ikas zezaten.