GARA
ZALLA

Zallako Udalak plaka bat jarriko du Joaquin Beltranen omenez, zendu zen langilearen urtebetetze egunean

Zallako Udalak plaka bat jarriko du Joaquin Beltranen omenez. Zaldibarko zabortegian zendu zen behargina eta haren gorpuzkiak ezin izan ziren berreskuratu, tragedia gertatu eta 15 hilabetez bilaketa lanetan aritu baziren ere. 2020ko otsailaren 6an gertatu zen hondamendian Alberto Sololuze ere hil zen, eta bere gorpua joan den urteko abuztuan aurkitu zuten.

Zallako Udalak ohar batean adierazi zuenez, bihar, irailaren 22an, 19.30ean, herriko Euskadi plazan plaka bat jarriko dute Joaquin Beltranen omenez. Zallako Udalak dei egin die herritarrei ekitaldira joan daitezen, Joaquin Beltranen familiari babesa adierazteko.

Duela 51 urte jaio zen Beltran, Malagatik etorrita Euskal Herrian bizi zen familia batean. Zallatik Zaldibarrera joaten zen egunero Beltran, Bizkaia zeharkatuz. Joan den maiatzean Lakuako Gobernuak amaitutzat eman zituen Beltranen gorpua bilatzeko lanak. Aurretik, 2020ko udan, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituzten.