GARA
LONDRES

Erregai eta garraiolari faltari aurre egin behar dio Londresek

RHA Garraio Elkartearen kalkuluen arabera, 100.000 kamioi gidari gehiago behar ditu Britainia Handiak azken asteetan supermerkatuetan ere hornidura arazoak ekarri dituen gabezia konpontzeko. Pandemiak eta lan baldintza gogorrek sortutako eskasia horri erregai falta gehitu zaio. Ondorioz, ostegunean bost gasolindegi itxi zituzten. Gobernuak «ohi bezala» jarduteko deia egin zien gidariei, denak batera erregai bila joateak egoera okertuko lukeelako.

Gobernu britainiarra herritarrak lasaitzen saiatzen ari da kamioi gidari eta erregai eskasiaren aitzinean. BPren 1.200 gasolindegietatik bost itxi behar izan zituzten ostegunean, Grant Shapps Garraio ministroak Sky News katean jakinarazi zuenez. Ez zutela itxiera gehiagoren berririk azaldu zuen.

Halere, ExxonMobil erraldoi estatubatuarrak, Esso zerbitzuguneen jabeak, bere 200 establezimenduetako «gutxi batzuetan» arazoa sumatu dutela onartu zuen.

Gasolina faltak eragindako beldurraren aurrean, gidariei «ohi bezala» jarduteko eskatu zien ministroak, denak batera erregai bila joateak egoera larriagotuko bailuke.

Bere aldetik, RHA Garraio Elkarteak (Road Haulage Association) Britainia Handiak beste 100.000 kamioilari behar dituela kalkulatu du. Esan duenez, hala lortuko litzateke azken asteetan sufritzen ari diren hornidura falta konpontzea. Supermerkatuetan ere sumatzen hasi dira elikagai eta bestelako produktuen eskasiaren ondorioak.

Ministroak esplikatu zuenez, covid-19aren izurritea izan da kamioi gidari faltaren eragile nagusia, hilabeteetan itxita egon direlako gidari berriak prestatzeko zentroak. Beste herrialde batzuek ere antzeko egoera bizi dutela erantsi zuen.

Horri «epe luzerako arazoak» gehitzen zaizkio, nabarmendu zuenez, garraiolariena «lan zaila eta gaizki ordaindua» baita. Horregatik, soldatak igotzearen eta lan baldintzak hobetzearen alde agertu zen Shapps. Gidari berriak erakartzeko bidea hori dela uste du.

Kontuan izan behar da, bestalde, osasun krisiak garraiolari ugari, gehienak atzerritarrak, beren herrira itzularazi dituela.

Brexitaren trabak

Aldi berean, Brexitak Europar Batasunetik gidari berriak iristea zailtzen du, migrazio izapideak askoz konplexuagoak baitira orain.

Baina Shappsen iritziz, arazoen jatorria horrekin lotzea ez da zuzena. Kontrakoa, parte batean konponbidea ematen du beretzat Brexitak. «Horri esker, legea eta gidatzeko azterketak aldatu ahal izan nituen bestela ezingo nuen moduan», baieztatu zuen.