Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA
Elkarrizketa
MIKEL GURREA
«HELTZEAR» FILM LABURRAREN ZUZENDARIA

«Ikuslearekin kontu esplizituak partekatzea ez zait interesatzen»

Bulkada bati jarraiki filmatu zuen «Heltzear» film laburra Mikel Gurreak. Ezusteko politak ekarri dizkio bidean. Izan ere, Veneziako Zinema Jaialdian parte hartu du, bertan erakutsi den euskarazko lehen lana izanik. Atzo Donostian estreinatu zen.

gara-2021-09-24-Entrevista

2000. urtea da. Sarak 15 urte ditu, eskalatzailea da eta anaiari gutuna idazten ari zaio. Euskal gatazkaren ondorioz, urtebete da hura ikusi ez duela. Ez daki hark idatzia irakurri ahal izango duen. Eguneroko kontuak kontatuko dizkio, tartean, bat berezia, eskalatzaile bezala oso ordu gutxi barru izango duen erronka: ordura arteko igoera zailena.

Veneziako Zinema Jaialdian Orizzonti sailean ikusi zuen argia “Heltzear” film laburrak. Ezusteko polita. «Film labur bat egiten duzunean, ez duzu irudikatzen zein bide egingo duen, are gutxiago Venezian parte hartuko duenik. Beraz, oso eskertuta nago. Asko poztu nintzen eta apal baina inongo konplexurik gabe joan nintzen bertara», gogoratu zuen atzo Donostian Mikel Gurreak, filma Zinemiran aurkeztu eta gero.

«Oso barrutik ateratako filma da. Donostiarra naiz, 2000. urtean 15 urte nituen. Filma honekin nire biografiaren parte diren hiru geruza elkartu nahi nituen. Batetik, nerabezaroa, bizitzaren alde esanguratsuena edo. Gero konturatzen gara etengabe aldatzen garela, baina bi mila fikzio egin dira horren inguruan. Hori zen ardatz bat eta bestea kirol eskaladarena, nik 15-18 urte bitartean oso era intentsoan egin nuena. Eskalada egin bakarrik ez, eskaladan bizi nintzen. Astean bost egunetan entrenatzen nuen, asteburuetan arrokara joan, txapelketetan nenbilen... Sentsazio horiek hor zeuden. Azken geruza 2000. urteko Euskal Herriko testuinguru sozial eta politikoa da, Donostian kokatua eta euskal gatazkak zeharkatua, baita edozein nerabek izan zitzakeen esperientziek ere. Hiru geruza horiek elkartzeko helburua neukan film honetan, ea zer esanahi posible, zer harreman posible ateratzen ziren ikusteko», adierazi zuen estreinaldiaren aurretik.

Euskal Herrian garai hartan bizi genuen testuinguru soziopolitikoa presente dago filmean, baina plano gehiago daude kontakizunean. Beretik asko du filmak baina fikzioa sortu du. «Nire helburua izan da esplizitua ez izatea, zentzu guztietan. Fondoan zein forman, niretzat gauza bera baitira. Sentsibilitate kontua da, artistikoa eta esparru guztietakoa. Ikuslearekin kontu esplizituak partekatzea ez zait interesatzen. Nahiago dut ikusle bakoitzak pelikula bere egitea».

Aktore lanetan jarri ditu Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago eskalatzaileak. Bide berriak jorratu eta betiko geratuko diren ikaspenak jaso. «Gauzak planifikatu bai, baina zure buruari gero askatzeko baimena ematean dago gakoa. Filmaketak denboraren presioa dauka, eta denbora dirua da zineman, exekutatu egin behar dituzu gauzak. Baina ‘exekutatu’ beharrean ‘bilatu’ aditza jarriz gero, ‘aurkitu’ egingo dituzu. Hori bai, beste jarrera bat eskatzen dizu».