Ibai AZPARREN
IRUÑEA
Elkarrizketa
ANE ALAVA
ERNAI GAZTE ERAKUNDEKO BOZERAMAILEA

«Ziklo mobilizatzaile bat berpizteko unea da eta gazteok prest gaude motor izateko»

Gazteak larrialdi egoeran daudela salatzeko maiatzaren 7an egindako mobilizazioen harira, atzo Ernai gazte erakundeko kide bat Gasteizko epaitegira deklaratzera deitu zuten. Hori dela eta, elkarretaratzea antolatu zuen antolakundeak. Hori baliatuz, «postpandemia» garaia Ernaik nola ikusten duen ezagutzeko elkartu da GARA Ane Alavarekin. Polizia eredua, aisialdia eta osasun mentala ere aztertu ditu.

gara-2021-09-24-Entrevista

Berriz gazteak epaitegien aurrean. Maiatzeko mobilizazioen harira, Ernairen aurka bederatzi prozesu judizial eraiki dituztela salatu duzue.

Elkarretaratzea deitu genuen berriz ere Ernaiko kide bat deklaratzera deituta dagoelako, maiatzaren 7an gazteon duintasuna borrokatzeagatik. Mobilizazio horiek behin amaituta, Ertzaintza oldartu zen eta gure aurka jo zuen. Berriz ere, gazteok gara jipoituak, kriminalizatuak eta deklaratzera deituak. Bertan esan genuen gazteok larrialdian geundela, eta orduan esandakoa berresten dugu, ez delako planteatu inolako irtenbiderik. 30 urterekin baino ezin gara emantzipatu, langabezia tasak gero eta altuagoak dira, ikasteko baldintzek kaskarrak izaten jarraitzen dute...

Lakuak lehen aldiz eraman zuen ustezko gorroto delitu bat Fiskaltzara, Ernairen Ertzaintzaren aurkako pankartak, mezuak eta pintadak aitzakia hartuta. Juridikoki, zein puntutan dago auzia?

Judizialki, guk dakigunez, Gasteizko Auzitegiak onartu egin zuen ikerketa, baina ez dugu berririk. Hala ere, oso larria iruditzen zaigu Gobernutik horrelako iniziatibak martxan jartzea, alde batetik, Polizia ez delako kolektibo zaurgarri bat, eta, beraz, ez delako gorroto delituen barnean sartzen, eta, bestalde, hor dagoelako, behin eta berriz, bai ezker independentismoa higatzeko intentzioa bai gazteon kriminalizazioan sakontzekoa.

Egoerok Ernairen mobilizazioen testuinguruan gertatu ziren, baita «Egin zaitez artzain, ez ertzain» kanpainaren erdian ere. Mezu hori bateragarria da EAEko polizia eredua berrikusteko EH Bilduren eskaerarekin?

Argi dugu oraingo polizia ereduak ez digula balio, baita ez dugula nahi ere. Gu ez gara sartzen Ertzaintzak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatzera, ez dagokigulako. Guk egin behar dugun lana beste bat da: Poliziak duen jarrera edozein izanda ere, benetako arazoa gazteontzako irtenbiderik ez dela mahaigaineratu behar dugu. Gobernuek planteatzen duten irtenbidea autoritarismoa da, eta hori da larritzen gaituena.

Maiatzaren 7an, «Larrialdi egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza» lelopean egindako manifestazioen amaieran gertatu ziren atxiloketak. Bost hilabete igarota, gazteen egoera ez da hobetu, baina gauza asko aldatu dira. «Postpandemia» garaia nola ikusten du Ernaik?

Alde batetik, uste dugu shock egoera lausotzen ari dela eta pixkanaka berriz ere pizten ari direla gauza ezberdinen inguruko eztabaidak. Neurrien lausotzearekin batera, kolektibo batzuk babesteko neurriak desagertzen joango dira, eta, gure irakurketaren arabera, ziklo mobilizatzaile bat berpizteko unean gaude, eta gazteok prest gaude motor izateko. Eskubide zibilak ukatu dizkigute pandemian, eta orain birpentsatu beharko dugu zer ondorio uzten dizkigun horrek. Horren aurrean irtenbideak planteatzen baldin badira, eta pandemia garaikoen antzekoak baldin badira, ez gara konformatuko.

Udan elkarri lotuta joan dira «gazteak» eta «koronabirusa» hitzak. Zein da Ernairen hausnarketa aisiaren inguruan sortu den eztabaidaren harira?

Nekatuta gaude. Isolatuta egon gara, bakarrik ikasten, bakarrik bizitzen, bakarrik gure bizi proiektuak irudikatzen, nahiz eta horiek garatzeko aukerarik ez izan. Gizaki sozialak gara eta behar dugu elkarrekin egon. Horren aurrean, aisialdi espazioak ez dira egon. Gazte askok ez dute tabernetan arratsalde osoa egoteko gaitasun ekonomikorik, eta ez da egon bestelako planteamendurik. Kalean, banku batean eserita, ezin ginen elkartu. Neurriak kapitalaren mesedetan hartu dira. Kolektiboak kontuan hartzen ez dituzunean, ba, euren kabuz antolatuko dira. Aisialdi eskaintza bat izan da makro-botiloia, baina herri batzuetan aisialdi eskaintza alternatiboak ere sortu dira.

Nekea, atsekabea... aipatu dituzu, baina nola lortu frustrazio hori mobilizazioen bitartez kanalizatzea?

Haserrea kanalizatu behar dugu, eta hori indibidualki eta kalean gatazkak sortuz egin daiteke, edo pedagogia eginez eta guztiok norabide batean eta elkarrekin borrokatzearen garrantzia mahai gainean jarriz. Horretarako, ezinbestekoa da auzoz auzo, herriz herri, antolatuta egotea, gazteei ulertaraztea dituzten arazoak ez daudela norbanakoek bizitzen dituzten uneekin lotuta, baizik eta kolektiboari lotuta daudela, egiturazkoak diren arazoak direla.

Osasun mentalaren eztabaida ere hor dago. Zer proposatzen du Ernaik?

Pandemiak eta honen kudeaketak eragin digun kargak, nekeak, lehergailu moduan funtzionatu du. Krisian murgilduta jaiotako belaunaldia gara. Gainera, itxaropenen krisi batean ere bagaude: ezin dugu gure etorkizuna imajinatu. Esku pribatuetan utzi dute erakundeek osasun mentala eta sektore zaurgarriak zaurgarriago bihurtu dira, edonork ezin duelako psikologo pribatu batera joan. Sistema publikoak bermatu beharko luke.

Urte politiko berriari begira, nola heltzen die Ernaik horrelako erronkei?

Ernaik militantzia berria du, pandemian militatzen hasi zen gazteria. Badugu hor indar asko, orain arte etxean gorde duguna, eta eztanda egiteko gogoekin gaude. Militantzia helduleku gisa planteatzen dugu. Horretan hasi gara pedagogia egiten, borrokak egiten gaituelako aske.

Declara otro detenido en las protestas de Ernai

Uno de los jóvenes detenidos por la Ertzaintza durante las movilizaciones convocadas por Ernai el pasado 7 de mayo compareció ayer en los juzgados de Gasteiz. Mientras tanto, en el exterior, varias decenas de personas se concentraban tras una pancarta que llevaba por consigna “Etorkizun duin baten alde. Dena dugu irabazteko!”.

Aquel día, Ernai convocó movilizaciones en las cuatro capitales de Hego Euskal Herria con el objetivo de «denunciar la cruda situación que vivimos» y reivindicar cambios «en pro de un futuro digno».

En Bilbo y Gasteiz se produjeron cargas de la Ertzaintza al término de las manifestaciones, con numerosas personas golpeadas y un total de nueve detenciones. Las siete personas que fueron arrestadas en Bilbo comparecieron ante el juez el pasado 24 de junio. De las dos detenidas en la capital alavesa, una es la que declaró ayer acusada de «desórdenes públicos»; el procedimiento contra la segunda fue archivado.GARA