GARA
BERLIN

Berlindarrek agentziei 240.000 pisu desjabetzearen alde egin dute

Alemaniako hiriburuko boto emaileek higiezin eta merkataritza agentzia handiei etxebizitzak desjabetzearen alde bozkatu dute erreferendumean. Alokairuak etxebizitza publikoko enpresa berri batek kudea ditzala ere eskatu dute, prezioen igoera geldiarazteko.

Berlingo etxebizitzen prezioa %90 igo da 2009tik eta alokairuena bikoiztu egin da. Igoera hori gelditzeko, higiezinen enpresa handiei 240.000 pisu desjabetzearen alde bozkatu dute herritarrek erreferendumean. Halaber, alokairuak enpresa publiko berri batek kudeatzea nahi dutela adierazi dute.

Hauteskundeetako funtzionarioek jakinarazi dutenez, botoen %100 egiaztatuta, boto emaileen %56,4k baietz esan dio proposatutako neurriari eta %39k ezetz. Orain, Senatuari eskatuko diote lege bat egin dezala 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten «irabazi asmoko higiezin enpresa handien» etxeak desjabetu eta batzuk «sozializatu» edo kudeaketa publikoaren esku uzteko. 240.000 pisuri eragingo lieke horrek Berlinen, Alemaniako etxebizitza parkearen %15i, alegia. Trukean, enpresek onura ekonomikoak jasoko lituzkete. 13.700 milioi eurora iritsi daitezke likidazioak.

Legez, erreferenduma ez da loteslea, baina Berlingo legegileei presioa egiteko balioko du, gentrifikazioaren eta alokairuaren prezioen igoeraren aurrean borrokatzen ari den hiri honetan gatazka handia sortzen duen gaiari heltzeko.

“Deutsche Wohnen & Co” ekimenak sustatu zuen erreferenduma. Adierazi zuenez, neurriak alokairuen gorakada gelditu eta epe luzera prezio irisgarriak segurta ditzake.

Pisu bakoitzeko 200 interesatu

Ekimen honen bidez, etxebizitzen alokairuaren arazo larria konpondu nahi da. Izan ere, Alemanian orokorrean herritarren erdiak baino gehiago ez dira bizi diren etxearen jabe eta hiriburuaren kasuan biztanleen %85etik gora bizi dira alokairuan. Eskaera handi horri oro har etxebizitzaren prezioak izan duen igoera gehitu behar zaio, barne migrazioaren, beste herrietatik iritsitako langileen eta, adituen arabera, jaisten ari diren interes tipoen eta alokairuen %4ko errendimenduaren ondorioz.

Faktore horiek guztiek 2009tik etxeen prezioa %90 igotzea eta alokairuena bikoiztea ekarri dute. Orain dela urte batzuk, Berlin mundu osoko gazteak erakartzen zituen hiria zela oroitu behar da, hain justu alokairu merkeak eskaintzen zituelako. Prezioen igoera latz hori gorabehera, pisu bakoitzeko 200 pertsonako eskaera dago batez beste.

Hortik higiezinen enpresa handien desjabetzeari ekiteko beharra, Europako beste hiri batzuetan ere gertatzen ari den arazoari irtenbide bat emateko. Berlin eredu izan daiteke.

Berlingo Senatuak desjabetze lege bat onar dezake biztanleriaren nahia oinarri hartuta. Adituek diotenez, helegite judizial batzuk ekarriko lituzke horrek. Momentuz, joan den apirileko aurrekaria dago. Orduan, Alemaniako Auzitegi Konstituzional Federalak Berlingo estatu gobernuak hirian alokairuei bost urteko muga jartzeko hartu zuen erabakia baliogabetu zuen.

Traba politikoak ere sor daitezke. Izan ere, Die Linkek desjabetzea babestu du, Berdeak erdian daude, baina SPD eta beste batzuk aurka agertu dira.

Lehentasunez erostearen bidea planteatu dio EH Bilduk Lakuari

EH Bilduko ordezkaritza batek bertatik bertara jarraitu zuen erreferenduma. Unai Fernandez de Betoño EAEko legebiltzarkideak erreferendumaren balorazio ona egin zuen NAZ Irratian: alde batetik, ia 20 puntu atera dizkio baietzak ezezkoari eta oso argia izan da emaitza; bestetik, partaidetza handia izan da, %75 ingurukoa. Hauteskunde orokorrekin batera deitu zuten erreferenduma eta lagungarri izan da hori. «Gutxieneko bat jarri zen emaitza balekotzat jotzeko, 600.000 botoren inguruan, eta ia-ia bikoiztu egin da aldekoen botoa. Beraz, oso pozik egoteko emaitzak dira».

Fernandez de Betoñok oroitu zuenez, duela zenbait hamarkada Berlingo alokairuko etxe gehienak babes sozialekoak ziren, baina, Europa osoan bezala, etxebizitza mordoa enpresa pribatuen eskuetara pasatu dira eta prezioak bikoiztea ekarri du horrek. Egoera ikusita, mugimendu sozial handia sortu da arazoa konpondu nahian. Ohartu dira araudian badela aukera bat interes orokorraren izenean etxeak desjabetzeko, eta hortik sortu da higiezin agentzien 240.000 pisu desjabetzeko ekimena. EH Bilduko kideak esan zuenez, «pilota Senatuaren teilatuan dago orain» eta emaitza hain argia izanik ezin dio auziari iskin egin. Ekimena gurera ekar daitekeela uste du, interes orokortzat jotzen den edozer desjabetu daitekeelako. Dena den, koalizioak lehentasunez erostearen bidea planteatu dio Lakuari. GARA