Ion GARATE
Elkarrizketa
AIORA SOROZABAL
TOLOSALDEA TRAINERUKO PATROIA

«Gorengo mailan aritzea zer den probatzeko gogoa daukagu»

Azken asteburuan denboraldia ederki biribildu zuen Tolosaldeak. Igoera faseko bi estropadetan nagusi izan zen eta Euskotren Ligarako txartela merezimendu osoz irabazi zuen. Orain, hilabete eta erdiko atsedena hartuko dute arraunlariek, Aiora Solozabal patroiak NAIZ Irratian adierazi bezala.

Azken denboraldietan Hondarribia mailari eusteko gai izan da play-offa jokatzea egokitu zaion bakoitzean. Aurten, baina, gauzak aldatu egin dira eta Tolosaldeak argi erakutsi du –denboraldi osoan egin legez– gorengo mailan lehiatzeko hautagai aproposa zela.

Datorren urtean gorengo mailan izango zarete, Euskotren Ligan. Pozik egongo zarete, ezta?

Bai, erresaka emozional pixka bat daukagu; erdi sinistuta, erdi sinistu gabe. Momentu honetaz gozatzen ari gara eta negutik aurrera joango gara pixka bat gure burua kokatzen eta benetan non gauden sinetsarazten.

Argi utzi duzue laukoteko indartsuenak zinetela. Azkenean igoera lortuta, merezitako denboraldi amaiera izan da?

Egia esan, denboraldia oso ontza jotzen dugu oro har, baina bukaera are eta hobea izan da. Kontxan lehenengo igandean ez genuen lortu nahi genuen helburua, baina bigarrenean gusturago geratu ginen. Eta igoera fasea ere borobila izan zen, bi egunetan oso estropada onak atera zitzaizkigun eta oso gustura gaude egindako lanarekin.

Kontxan laugarren postuan amaitu zenuten. Helburua hori zen?

Bai, hori da. Azken batean, gure helburua ohorezko txandan sartzea zen, baina ez genuen lortu. Bigarren igandean, txanda bakoitza nolakoa izango zen aurreikusita, beste helburu batzuetara jo genuen. Bigarren igandekoa ondo atera zen; aurretik jarri ginen eta gustura.

Patroi gisa, zer ondorio atera dituzu?

Nire begiekin ikusten ditut arraunlariak. Beti ikusten dituzu estropada bat bukatzen dutenean dena emanda bukatzen dutela, arnasa hartu ezinda. Ni beraiez oso harro nago, egia esan. Estropada bakoitzean ahal duten guztia eman dute eta askotan arraunketari eustea ez da hain erraza. Eta nik esaten nienean arraunketa aldatu behar zela-edo, denek jarri dute beraien partetik eta aurreko urtean baino errazago aritu gara. Nik uste dut urrats bat eman dugula urte batetik bestera. Momentu txar bati estropadan zehar buelta ematen ikasi dugu. Gozatzen ikusi ditut eta orduan, nik ere gozatu egin dut.

Ondo erantzun dute, beraz.

Bai, oso ondo. Eta azken igandean ere bai. Nahiz eta ikusi aurretik geundela, ez zuten momentu batez ere paladak emateari utzi. Gero eta gehiagora joan nahi zuten eta oso ondo.

Hurrengo urtean maila gorenean arituko zaretela kontuan hartuta, zuen lan saioetan eragina izango du?

Nik uste dut bestela ere dezenteko ardura jartzen diogula gure buruari arraunarekiko, bai estropadetan eta baita entrenamenduetan ere. Denboraldi osoan zehar, ilusioarekin gauzak ondo egiten aritzen gara. Filosofia berdinari helduko diogula pentsatzen dut.

Dagoeneko buruan izango duzue hurrengo denboraldia...

Bai. Oraintxe bukatu dugu denboraldia eta orain buruan daukagun irudia da hurrengo udaran goikoekin egongo garela. Hilabete eta erdi bat deskantsua hartzeko daukagu, gure buruari arnasa pixka bat emateko. Gorengo mailan aritzea zer den probatzeko gogoa dago.