Larraitz UGARTE
Abokatua
GAURKOA

Aukera bat eztabaidari

Euskal Herrian badira iraganean zauri eta haustura sozial handiak eragin dituzten gaiak, hainbesteko mina eta haustura sortu dutenak, ez baita azken urte luzetan inor gai izan horiek inertziaren gurpil zorotik ateratzeko nahikoa ausardia biltzeko. Hezkuntza da horren adibide paradigmatikoena. Garai bateko borroka eta liskarrek gaur arte iraun dute eta herritar guztiok gaude arazo honen barruan, nahita ala gabe, hezkuntza komunitateak ia jendarte guztia zipriztintzen duelako, guraso, langile edo ikasle gisa. Horrela, duela hamarkada batzuk gotortu eta horrela jarraitzea hautatu dutenak egon badira, gotorlekuek ematen duten konfortean kieto. Belaunaldi berriek herentzian jasotako guden arabera hartu behar izan dituzte konbentzimendu maila ezberdinez euren bizitzen gaineko erabakiak. Lehenbizikoentzat agian zaila da eztabaida modu desapasionatuago batean egitea, bigarrenentzat errazagoa behar luke izan.

Urte hauetan guztietan alderdi politiko eta sindikatu gehienek ez dute kuraiarik izan eztabaida hau irekitzeko eta betidanik posizioa oso garbi izan duten alderdi eta sindikatuek ez dute herri honek egun duen errealitatetik eta perspektiba integral batetik abiatzen den proposamenik (nik bederen ez dut ezagutzen).

EH Bilduk hartu du ardura eta irailean euskal jendarteari hezkuntza proposamen bat aurkeztu dio, “Hezkuntza sistema publiko burujaberantz” deritzona. Balio sistema oso bat, proposamen estrategiko/estruktural bat eta EAErako trantsizio proposamen bat luzatu ditu, uneotan bere komunitatean eztabaidagai dena. Gustatuko da edo ez, baina eztabaida irekitzearen adorea aitortu beharko zaio behintzat. Eztabaida abiatu baino lehen, baina, sortu ditu jada lehen erreakzioak, modu interesatuan titular potoloak botaz, arduragabeak iruditzen zaizkidanak. Horrela, badira EH Bilduren eta EAJren akordio baten mesedetan ezker subiranistak publikotasuna sakrifikatu eta «Europako kontzertaziorik handiena blindatu» nahi duela esan dutenak, ezker subiranistak soilik irizpide abertzaleekin eta ez ezkerrekoekin (inkonpatibleak balira lez!) jardutea leporatuz.

Baloratzen hasi baino lehen, eta inor ekibokatu ez dadin, esango dizuet hiru alabaren ama naizela eta nire alabak eskola publikoan ditudala (eta diot horrek sektore espainol progreetan esan dezakedana zilegiago bihurtu dezakeelako) eta horregatik hain justu ez zaizkit irakurri ditudan kritika horiek errealitateari ajustatuak iruditu.

Eta bai, abertzalea eta ezkertiarra naiz, eta nirekin batera abertzaleak eta ezkertiarrak direnetako askok ikastolara bidali dituzte euren umeak, eta baita EAJkoek ere. Baina nire herrian badira EH Bilduko irakasleak kristau eskolan eta baita gurasoak ere; badiren bezala EAJkoak ikastolan, kristau eskolan eta eskola publikoan ere. Errealitatea ez da beti zorionez alderdika esplikatzen. Erabaki horiek (haurrak nora eraman, non ikasi edo ze sistematan irakatsi) balio sistema bera konpartitzen dutenen artean ezberdinak izan daitezke, ez dute zertan antagonikoak izan.

Eta egia da sentitu dudala nire alabek etorkinen seme-alaba gehiago dituztela lagun beste ikastetxe batzuetakoek baino. Baina egia da niretzat, herri erabat euskaldun batean, hori ez dela arazo bat, guztiak direlako euskaldun eta euskal herritar eta pozarren ikusten dudala horrek alabengan eragiten duen aberastasuna. Kontziente naiz beste tokiren batean kezka handiagoa litzatekeela, ordea (agian hautu berdina egingo banu ere). Ze bai, nire alabak euskaldunak izatea nahi dut, herri hau sentitu eta maitatu dezaten nahi dut. Munduko herritar sentitzen direnek ezin didate aurpegiratu segregazioaren alde egiten dudanik euskalduntasuna ez sakrifikatzeko hautua egiten badut, hori immorala balitz bezala eta euskaldunak zapaltzea eta desagerraraztea, haien eskubide linguistiko eta kulturalak enoratzea ez. Halal-a progre-guaya eta euskara burgesa dela aditzera ematea ere!!! Segregazioaren aferari aterabide sinplistekin ez diogu aurre egingo, eta ez zaio soilik hezkuntzatik ekin behar. Herri honen biziraupena eta herri honek jasotzen dituen herritarren euskal herritartze prozesua biak ala biak eskutik helduta joan behar dira, batak bestea elikatuz.

Zentzu horretan, ikastolak ez dira, egun hauetan batzuek dioten lez, pijismoaren hautua, herri honek bizi duen anomalia politikoari garaian eman zitzaion erantzun politiko komunitarioa baizik. Ikastolei iraganean izan duten papera aitortuta ere, ez ditut egun tokian toki hain epiko sentitzen. Eta kristaua ez naiz. Baina hezkuntza publikoa ere ez dut behar adinako kuraia, kemen eta indarrarekin ikusten, administrazioak eta EAJko administrazioak, dena esan behar baita, erabat fagotizatuta baizik, inertzian murgilduta. Ondorio konstatatzaile bat: ez zait egungo euskal hezkuntza sistema, unibertsoa gustatzen, zaharkitua dagoela uste dut eta hori aldatzeko garaia dela eta baldintzak badaudela uste dut.

Herri honetan berehala jarri behar gara An edo Bn. Garai batean freskagarri haren iragarkiak zioen bezala: «y tú de quién eres? De ... naranja o de ... limón?». Ni ez naiz inongoa. Ez dut oraingoan jokoa berdina izaterik nahi. Eta badut intuizioa ni bezala milaka garela horrela pentsatzen dugunak, adostasun handi bat lortzeak eta gurea ez den istorio traumatiko baten bukaerak ilusioa eragiten digunak. Eman diezaiogun aukera bat eztabaidari, aukera bat etorkizuneko haur eta nerabeek behar duten kalitatezko sistema inklusibo, kohesionatzaile, kalitatezko eta euskaldun bat izateko. «Zein dira herri honen erronkak?» galderari erantzun eta horiei soluziobideak bilatu. Liluratu gaitezen txipa aldatuz lor ditzakegun adostasun zabalek ematen dizkiguten aukera paregabeez.