Martxelo DIAZ
IRUñeA
Elkarrizketa
OSKAR ZAPATA
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEKO KIDEA

«Euskararen alde urratsak egiteko, gehiengo sozialak eraikitzea komeni da»

Euskararen normalizazioaren aldarrikapenaren inguruko gogoeta egingo dute gaur, Iruñean, Topagunearen eskutik antolatu den jardunaldian. Hiztunen eskubideen aldeko jarrerak gizartean zabaltzeko prozedurak eta egin beharreko aldaketak aztertuko dituzte.

Euskararen normalizazioak dituen erronkak aztertzeko jardunaldia antolatu duzue gaurko.

“Euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak” izenburua dute jardunaldiek. Mahai gainean jarri nahi dugun gaia honakoa da: euskararen inguruan sortzen diren diskurtso eta jarreretan, urteak joan urteak etorri, euskara sustatzearen alde agertzen garenak heren bat inguru gara. Neutro definitzen direnak %27,7. Baina badago oraindik zenbaki handi bat euskara sustatzearen kontra azaltzen dena, %39,1.

Nafarroa geografikoki kontuan hartuta garbi ikusten da non dagoen aldeko jende gehiago, gutxiago, kontrakotasuna non...

Ikusten dugu, normalizazio eta eraberritze prozesuan urrats kualitatibo eta atzeraezinak egiteko gai hori kontuan hartu eta gauzak ongi egiten jakin behar dugula. Ez da bakarrik arrazoia dugula. Arrazoia dugu eskubideez ari garelako. Eskubideak ezin dira neurtu pertsona kopuruen arabera. Onartu egin behar dira, aitortu behar egin zaizkigu eta horiek lortzeko bideak behar ditugu. Baina Nafarroa osoa buruan badugu, Tuteratik Izabara eta Zangozatik Sakanara, honen inguruan lan bat egitea ezinbestekoa dela ikusten da. Kohesioa guztion hizkuntza eta kultura onartzetik etorriko da. Aniztasunetik Nafarroa aberatsagoa izango da. Mila urrats egin behar dira bide horretan eta honekin hasi nahi dugu.

Euskararen normalizazio prozesuan ez aurrera ez atzera gaude Nafarroan.

Urrats berriak egiteko, komeni da gizartearen gehiengoak eraikitzea. Egun, aldekotasuna %33,3an egonda, pentsatu ahal dugu gauza batzuk ongi egiten ari garela baina beste batzuk berraztertu behar direla. Geldirik dago bai, baina ez euskaltzaleok nahikoa egiten ez dugulako, baizik eta kontrako jarrera horri errendimendu politiko-elektorala atera nahi diotenek kanpaina oso sistematizatuak egin dituztelako urte askoan, euskara Nafarroan baztertzeko edo gune geografiko jakin batera mugatzeko. Eraiki duten gezurrezko iruditeria hori deseraikitzeko tekla batzuekin asmatzen badugu urratsak aurrera egin ditzakegula uste dugu.

Nola eragin daiteke horretan euskaltzaletasunetik? Orain arte erabilitako parametroak aldatu behar dira?

Topagunetik garrantzi osoa eman diogu gai honi Nafarroan. Ikusi dugu modu sistematikoan landu beharra dagoela. Horiengana hurbildu beharra dago eta entzute enpatikoa praktikatu. Gizarte eragile askok eta askok neutraltasun puntu bat izan dezakete, eta bestelako gaietan modu oso integratzailean jokatzen dutenak euskaltzaletasunetik hurbil egon daitezke. Horra iritsi behar gara eta entzun egin behar dugu. Dena ez da gorrotatzen gaituztelako erabateko kontrakotasuna. Baina hurbiltze horretarako urratsak guk egin behar ditugu.

(Elkarrizketa osoa, Naiz.eus-en irakur daiteke)