Andoni TOLOSA«MORAU»
Musikaria

Landakoa

Gero eta maizago irakurtzen dut “musika urbanoa” etiketa, definizioa, kategoria... zertaz ari diren oso argi jakin gabe. Intuizioaren eta hari lotutako burutazioen hariari tiraka, ondorioztatu dut etiketa horrekin izendatzen dela hip-hoparen iraultzaren ondoren irekitako esparru musikal zabal, askotariko eta aldakorra. Grimetik reggaetonera, trapetik cumbia elektronikora... Ez da nolanahiko entsalada musika urbanoen babesean gatzozpindutakoa. Hala bada, ez da lehen aldia “urbano” hitza adjektibo bihurtu eta espresio kulturalen baten itzala luzatzeko eta apur bat, bederen, hanpatzeko erabiltzen dena. Joera jakin bati dirdira gehitzeko ohiko modua bilakatu da.

Adibide asko daude. Urrutira joan gabe, 70eko hamarkada amaieran, Miren Aramburu, Ruper Ordorika eta Iñaki Eizmendiren inguruan zabaltzen hasi zen “kantugintza urbanoa” etiketa. Erabateko kalekumea naizenez, ia militantea, ez daukat ezer urbano hitzaren aurka, baina 2021ean zer ez da urbanoa? Ez dut ulertzen, ordea, zergatik erabiltzen den oraindik urbano hitza “modernitatearen” edota unean unekoaren erakargarritasunaren sinonimo gisa. Landatarra, baserrikoa... neurriko antonimo bihurtzen da, gainera, zaharraren, erakargarritasun gutxikoaren eta betikoaren isla. Zer pentsatuko ote luke honetaz 1985ean Aizarnan OK Korral taldea «nola egiten dute amodio baserriko neskatilak...» kantatzen entzun zuen baserritar gazteak? A ez, rock-and-rolla ez da urbanoa.