Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Maiatzean Berlinen izateko, gaur ere han irabazi behar

Oscar Da Silva gaztearen Alba Berlin izango da Saski Baskoniaren arerioa Euroligako laugarren jardunaldian.

Panathinaikosen aurkako garaipena «Final Fourrerako bidean aurreneko harria» izan baldin bazen –hala esan zuen behintzat Dusko Ivanovicek partida osteko prentsaurrekoan–, Alba Berlinen aurka ezin du kale egin gaur Saski Baskoniak (20.00). Izan ere, gasteiztarrak maiatzean Mercedes Benz Arenara itzultzea nahi dugu guztiok.

Euroligako lehen garaipena patrikan zutela joan ziren atzo gasteiztarrak Berlinera, tartean duela gutxira arte horiz jantzita aritzen ziren Fontecchio, Granger eta Nnoko –Giedraitis bera ere Alemaniako hiriburutik ibili zela ahaztu gabe–. Aurrez aurre Israel Gonzalez kantabriarrak zuzentzen duen Alba Berlin gaztea izango dute. Aito Garcia Reneses mitikoaren lekukoa hartu du Torrelavegakoak eta bera ere gazteei aukerak eman zale da, lesioek eta covid-19ak sortutako arazoak ikusita batez ere –Eriksson jaurtitzailea eta Ben Lammers pibota min hartuta daude, eta Christ Koumadje, berriz, covid-19aren erruz bakarturik –.

Euroligako lehen bi partidak galdu ostean, asteartean 84-70 nagusitu ziren alemaniarrak Fenerbahçeren aurka. Maodo Lo eta Luke Sikma «beteranoekin» batera, 23 urteko Oscar Da Silva hegal-pibot alemaniarra izan zen etxekoen garaipenaren giltzarri: 22 puntu eta 5 errebote, Jan Vesely handia gaindituz.

Gernika Bizkaia ere, Europan

Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Emakumeen Eurocupari dagokion partida jokatuko du gaur Virtus Boloniaren kantxan (20.30). Bizkaitarrak H multzoko serieburuak dira, baina oso talde petrala egokitu zaie: Virtus bera eta La Roche Vendee eta Carolo Basket talde frantsesak.

Virtusen Cecilia Zandalasinik jokatzen du, Europan dagoen jokalari onenetakoak, alegia. Iaz Euroligako Final Fourra jokatu zuen italiarrak Fenerbahçerekin; aurten Eurocupa irabazi nahi du Virtusekin, datorren urtean Euroligara itzultzeko.

Gernikan, aldiz, Gabija Meskonyte urte osorako galdu dute, belauneko lesio baten erruz. Angie Bjorklundek ere ezingo du gaur gauean jokatu. Hegaleko postua herren dauka Gernikak.