Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA

Musika tradizionalaren transmisio sinfonikoa, Kalakanen eta EOSen eskutik

Urriaren 20an hasita bost kontzertu emango dituzte Kalakan taldeak eta Euskadiko Orkestrak, datorren astean kaleratuko duten diskoa aurkezteko. Sarrerak dagoeneko salgai daude Euskadiko Orkestraren web orrialdean.

Kalakan taldeak “Artizar” lana kaleratu eta hilabete gutxira lan berria aurkeztuko du urriaren 18an, oraingoan Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean eta Elkar zigiluarekin. Jagoba Astiazaranen moldaketekin landutako hamabi kantuk osatuko dute lana eta zuzenean aurkeztuko dute Euskal Herriko bost aretotan hilaren 20tik aurrera.

Euskadiko Orkestrak duela 23 urte Benito Lertxundirekin abiatutako KlasikAT ekimenaren bidera batu dira Jeamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etcheverry, Kalakan osatzen duen hirukotea. Musika klasikoarekin aurretik ere loturaren bat edo beste izan du Kalakanek; horren adibide garbia da “Artizar” lanean XIII. mendeko “Carmina Burana” obra klasikoaren moldaketa gehitu izana.

Oraingoan, ordea, berek aurretik sortutako kantuak Jagoba Astiazaran musikariak Euskadiko Orkestrarentzat moldatuta grabatu dituzte. Hamabi kantu guztira. Astiazaran azkenaldian Iñar Sastrerekin “Arineketan” izeneko lana aurkezten ibili da, euskal kantutegi tradizionaleko hainbat kantu txistuarekin eta pianoan aurkeztuz.

Juanjo Oconen zuzendaritzapean, Xalbadorren, Joan Batista Elizanbururen eta Joxean Artzeren hitzak musikatuko dituzte, besteak beste, Kalakanekoek, baita hainbat kantu herrikoi eta beste propioren bat ere. Abesteaz gainera, beren ohiko instrumentuak, hala nola, txalaparta eta alboka, erabiliko dituzte sortutako konposizioetan.

Aurkezpen kontzertuetarako sarrerak eskuratzeko moduan dira dagoeneko www.euskadikoorkestra.eus atarian. Iruñeko Baluarten hasiko dira aurkezpenekin urriaren 20an, 19.30ean, asteazkenarekin eta, hilaren 21ean Gasteizko Principalen, 22an Bilboko Arriagan eta 23an Donibane Lohizuneko Jai Alain arituko dira. Azken geldialdia, berriz, Donostiako Kursaal jauregian egingo dute azaroaren 5ean.

Diskoa Elkar zigiluarekin kaleratuko dute eta laster izango da haren dendetan eskuratzeko moduan, baita zuzeneko emanaldietan ere. Euskal kantuen transmisioan beste urrats bat egingo dute, beraz, Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak.