GARA
gasteiz

Eskubide Sozialen Kartak taldea indartu eta saretzeko ekimena jarri du martxan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten agenteek atzo iragarri zuten sei hilabetetako aldi bat jarriko dutela martxan, taldea indartzeko eta sare sendoago bat ontzeko helburuarekin.

2014an eratutako herri mugimenduak bere burua indartu eta saretzeko prozesuaren hasierako asanblada egin zuen atzo Gasteizen. «Testuingurua zeharo baldintzatu du pandemiak eta dagoeneko existitzen ziren gabezia estrukturalak agerikoagoak dira orain», agertu zuten bertan.

Horregatik, egungo testuinguruaren inguruko azterketa gaurkotzeko beharra azpimarratu zuten asanbladan parte hartu zuten dozenaka eragileek.

Asanbladak bi helburu nagusi izan zituen. Lehena, «eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde dauden subjektuen artean adostasunak berritu eta agenda sozial partekatu eta burujabea eraikitzea»; bigarrena, «lan lerro berriak martxan jartzea».

Eragileek aitortu zuten testuinguru berezian etorri zela asanblada. «Ikasturte berezia izango da aurtengoa. Pandemiak eraginda baina ondorioak kudeatzen hasita, eskubideen murrizketa eta herritarron bizi baldintzei eraso berriak denok ditugu begi bistan», ohartarazi zuten.

Horregatik, Eskubide Sozialen Kartaren aliantza eremuak indarberritzeko barne prozesuaz gain, testuinguruari erantzuteak ere garrantzia izango duela aurreratu zuten.