Arnaitz GORRITI
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA

Etxeberriaren oparirik politena

Altuna 16-12 aurreratu eta gero, nafarrak partidairauli du Bergaran azken txanpan. Labriten, Ezkurdiak 22-15 menperatu du Urrutikoetxea.

ALTUNA III 18

ETXEBERRIA 22


Orain arteko txapelketako sorpresa handiena eman zuen atzo Pello Etxeberriak Bergaran. 23 urte bete zituen egunean Jokin Altuna Lau eta Erdiko txapelduna menpean hartu zuen. Ezkerrez pilotari altuera ematen asmatu zuen nafarrak, baita Altunaren errematerako erraztasuna oztopatzen ere. Gainera, bere aukerak bikain baliatu zituen, batez ere 16-12 atzetik zenetik amaiera ate, nahiz eta bidean sakeren batekin kale egin.

Gaur arratsaldean Bengoetxea VI.ak Elordiri irabaziz gero, finalerdietan legoke zenoztarra. Alabaina, berak esandakoari so eginez gero, «hobe hiru partidak irabaztea, bi garaipenekin kalean geratu zaitezke-eta».

Abiada bizian jokatu zuten biek ala biek, eta hasiera batean 0-4 aurreratu bazen ere Etxeberria, partidaren ia azkenera arte Altunak eraman zuen ekimena markagailuan. Saketik batez ere sekulako mina egiten zion Etxeberriari, hori bai, piloteoan jokoa berdintzeko gaitasuna erakutsi zuen nafarrak. Are, partidak aurrera egin ahala, errematerako gero eta ausartago ere agertu zen.

Lan erdietan Altuna 11-7 jarri zen aurretik, baina ordurako hasita zegoen Etxeberriaren erreakzioa. Amezketakoa ez zen bere jokoarekin gustura geratu, eta, sarritan, eskarmentua eta errekurtsoak baliatu zituen tantoak pilatzeko jokoaren ekimena baino gehiago. Hala ere, dela eskarmentua dela talentua, 16-12 aurretik jarri zenean inork gutxik egingo zuen apustu Etxeberriaren alde.

Baina 0-6ko partziala erdietsi zuen zenoztarrak, sakearekin berak ere min eman zezakeela erakutsiz. 16-18koan falta egin bazuen ere, ekimena berak eraman zuen azkeneraino, etsi gabe, eta sake ikusgarri bati esker lortu zuen azken tantoa.

Ezkurdia nagusi Labriten

Hasieran hotz, amaieran bero, Ezkurdiak 22-15 irabazi zion Mikel Urrutikoetxeari Labriten. Batez ere hasieran eta sakearekin sekulako mina egin zion nafarrak Zaratamokoari. Azkenerako piztu zen Urrutikoetxea bera ere, baina beranduegi zen eta amore eman behar izan zuen.

Akordatzerako, 3-7 eta 5-10 aurreratu zen Ezkurdia. Piloteoan nagusi zen nafarra eta hori gutxi balitz, sakeari ematen zion abiaduraz airean zerabilen Urrutikoetxea, errestoa frontisera eramanda ere bere aurkariaren menpe geratzen baitzen.

Uneren batean aurrelari nafarrak ia izerdirik bota gabe irabaziko zuela zirudien, 5-12 aurreratu ostean. Baina hormaren kontra belaunarekin kolpea jaso zuen bizkaitarrak eta, ezustean, nolabait piztu ere egin zen.

Ezkurdiak bere aldea ederki kudeatu zuen, zalantzarik gabe, baina azken tantoetan nahi baino hurbilago sentitu zuen Urrutikoetxea. Labriteko zaleen animo oihuen artean bermatu zuen garaipena azkenean.

Aukerak zukutu behar Bengoetxeak eta Elordik

Tanto asko edo gutxi eginda, baina Bengoetxea VI.ak eta Elordik galdu egin zuten Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako aurreneko jardunaldian.

Bilboko Bizkaia frontoian gaur arratsaldean aurrenekoz jokatuko dute elkarren kontra Leitzakoak eta Mallabikoak. Bengoetxeak Etxeberria nahasten bere burua ito arte jardun zuen, eta neurketaren azken zatian fisikoki behera etorri zen. Aldiz, bizkaitarrak inork espero baino estuago hartu zuen Altua III.a, eta neurketaren azken zatian sakean zein errematean egin zituen opariak saihestu balitu, auskalo.

Eskarmentua alde du nafarrak, baina bere egunik onenak, antza, pasa dira. Elordik, berriz, elitean lekua baduela erakusten ari da, eta final erdietara begira ezin du aukerarik, izanez gero, pasatzen laga. A. G.