Ines Castiella Imaz
Nafar Ateneoko Euskara eta Euskal Kultura Saileko eleduna
KOLABORAZIOA

«Heptamerona» eta Nafar Ateneoa

Urriaren 2ko larunbatean Kondestable Jauregian gertatu zena ederra eta berezia izan zen: Angulemako Margaritak, ipuinen bitartez eta bere moldera islatu zuen gure lurraldearen historiaren irakurketak bildu gintuen hirurogei inguru lagun, euskaldunon hiri buruzagian.

Booktegi eta Nafar Ateneoaren artean antolatutako jardunaldia izan zen, urtebetez elkarlanean aritu ondoren, lortutako lehen emaitza, alegia, “Heptamerona” lanaren euskarara itzulitako lehen atalaren edizio digitala (Booktegiren web atarian eskuragarri dago) eta haren irakurraldia. Xabier Artola eta Fito Rodriguezek burutu dute itzulpena eta bertan izan ziren irakurtzen.

Historiaz ari naizela, Nafar Ateneoari ere zor dizkiot hitz batzuk. 1932ko maiatzaren 12an Iruñean eratuko zen erakundea dugu, bere ohorezko patronatuko lau kideetako bat Arturo Kanpion bera izan zuelarik. Sorrerako estatutuetan jasotzen den moduan, kultura hedatzea zen bere helburu bakarra, zientzia, literatura edo arte arloetan ideia, obra eta ekimenen garapena bultzatuz. Bestetik, estatutuetan garbi geratzen zen jasorik politikatik at lerratuko zen ateneoaren bokazioa. Antolatutako hamaikatxo jardueren artean izan ziren Jose Agerre idazlea irakasle eduki zuten euskara eskolak ere. 1936ko uztailaren 18an desagertu zen orduko Nafar Ateneoa, halabeharrez.

Gerra eta Errepublika pasata, 1986ko urtarrilaren 22an eratu zen berriz Nafar Ateneoa, aurrekoaren helburu eta izaera berarekin. Orduko talde eragilea osatu zutenen artean Jose Maria Satrustegi eta Aurelio Sagaseta ageri zaizkigu, euskalgintzan sakonki aritutakoak biak. Urte batzuk geroago, 1991n, Nafarroako euskalgintza garaikidearen aita izendatu dezakegun Eugenio Arraizaren ardurapean jaioko zen Euskara eta Euskal Kultura Saila.

Horra, Angulemako Margarita, Albreteko Joana bere alaba, Etxeberri Sarakoa, Arturo Kanpion, Jose Agerre, Jose Maria Satrustegi, Aurelio Sagaseta eta Eujenio Arraiza, guztiak nafarrak eta guztiak lingua navarrorum-a aldarrikatu zutenak (aipatu gabe utzitako beste askoren artean). Larunbatean gurekin egoteko aukera izan balute, imajinatu nahi dut pentsatuko zutela bizirik zeudela, baldintza zailagoetan eta baliabide material kaxkarragoekin, egin zuten guztiak balio izan zuela. Niri, egun hartan, beste ideia batzuen artean, hura ere pasatu baitzitzaidan burutik.

Formakuntzaz zientzia alorrekoa naiz (gazteleraz «soy de ciencias» esango nuke) eta agian horregatik ez dut unibertsoaren indar magikoetan sinesten. Ordea, giza balio sendotakoa nuen amona Pakitak hezi ninduen eta berari zor diot hezur eta haragizko pertsonek transmititzen dituzten emozioak antzemateko gaitasuna, onak direnekin kutsatzeko eta kaltegarriak bazterreratzeko. Aitortzen dut hunkitu egin ninduela irakurtzera bertaratutako guztiek erakutsitako gogoak, prestutasunak; euskaraz elkarlanean garatutako ekimen bateko partaideen ilusioak, bat eginik, sortutako poztasun kolektiboak, bertan egon ahal izate soilagatik; nafarrak batzuk, Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitakoak, besteak, guztiok, baina, sentipen bera geure baitan.