GARA
IRUÑEA

Nafarroan duela 40 urte izan ez zen eztabaida piztu nahi dute

Nafarroa XXI herri plataforma aurkeztu zuten atzo goizean hainbat herritarrek Iruñean. Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena baliatuta, hura egin zen moduarekin desadostasuna agertu zuten. Demokrazia, eskubide eta askatasun gehiago izango lituzkeen Nafarroa eraikitzeko eztabaida piztu asmo du taldeak.

Nafarroa XXI herri plataforma aurkeztu zuten atzo goizean Nafarroa osoko hainbat herritarrek Iruñean, Nafarroako Gobernuko ordezkaritzaren aurrean. Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena baliatuta, hura egin zen moduarekin desadostasuna agertu zuten.

«Egungo Nafar Gobernuko egoitzan bildu gara, hemen eman baitzen, duela 40 urte, Foru Amejoramendurako negoziazioa, eta leku honetan eman ziren ere negoziazio horien formen eta funtsen aurkako protestak», azaldu zuen Maitane Eraso plataformako kideak.

Agertu zutenez, Foru Hobekuntza prozesutik 40 urtera, «larrituta» daude «Nafarroaren autogobernu galerarekin; Gobernu zentralaren, Bruselaren, merkatuen eta multinazionalen aurrean geroz eta botere politiko ahulagoa du Nafarroak», beraien ustez.

Horregatik, dinamika hau bultzatzea erabaki dute, egungo zein etorkizuneko bide politikoaren inguruko eztabaida zabaltzeko. Uste dute, gainera, jendarteari dagokiola eztabaida horri bide ematea.

«Gogorarazi behar dugu Nafarroa izan zela bere estatutua bozkatzeko erreferendumik izan ez zuen Estatuko komunitate historiko bakarra, eta gaur-gaurkoz egiaztatzen dugu egungo nafar biztanleriaren hiru laurdenek ez zutela ez parte hartu eta ez bozkatu lege haren onartze prozesuan», agertu zuen Erasok. Hori, Nafarroa XXI plataformaren iritziz, «konpondu beharreko defizit demokratikoa» da.

Bestalde, adierazi zuten demokrazia, eskubide eta askatasun gehiago izango lituzkeen balizko Nafarroa eraikitzeko eztabaidara proiektu eta uste guztiak batu daitezkeela, bat salbu: «Gure herriari bere oraina eta etorkizuna modu demokratikoan erabakitzeko gaitasuna ukatzen diona».

«Guztion artean Foru Amejoramendua nola egosi zen kontatuko duen herri errelato bat osatzeko ordua da, eta Nafarroa bere orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaidari ekiteko prest dela lau haizeetara zabaltzekoa», agertu zuten. Hala, esan zuten helburuok lortzeko Nafarroako hogei herritan lan jardunaldiak egingo dituztela dinamika zabaltzeko.

Manifestua

Dinamika aurkeztearekin batera, haren izatearekin bat egiten duten 110 lagunek babestutako manifestua plazaratu zuten atzoko agerraldian. «Tenorea dugu denon artean eraikitzeko kontaera herrikoi bat, duela 40 urte, Foru Hobetzea azpikeriaz nola gauzatu zuten plazaratzeko eta lau haizeetara oihukatzeko Nafarroak bere etorkizunari buruzko eztabaida ireki behar duela eta horretarako prest dagoela. Gure ustez, eztabaidak bermatu beharko du herritarren eta eragile kultural, sindikal, sozial, politiko eta instituzionalen parte hartzea», agertzen dute bertan.