Maddi
TXINTXURRETA
MIGRAZIO POLITIKEN ZAURIAK

ZIUR ASKI EZ DIRA IRITSIKO, BAINA ZAIN DAGO ZAKARIA

Zakaria anaiaren, arrebaren, koinatuaren eta ilobaren zain zen. Patera batean ontziratu ziren irailaren 23an, eta ordutik ez daki ezer haietaz. Bera ere pateran heldu zen Europara, eta badaki itsasoan hogei egun baino gehiagoz bizirik irautea oso zaila dela.

Patera batzuk iritsi eta beste batzuk hondoratu egiten dira. Batzuk bidean galtzen dira. Egurrezkoak edo gomazkoak daude, txarrak eta are okerragoak. Bidaiari batzuek bizirik irautea lortzen dute eta beste batzuk itsasoan hiltzen dira. Batzuetan, bizirik atera direnek itsasora botatzen dituzte hildakoen gorpuak, pisua arintzeko. Eta itsasoan bezala, heriotzek lurrean ere pisatzen dute, Europara bidean daudenen zain daudenak zamatuz.

Zakaria duela hamar hilabete eskas iritsi zen Euskal Herrira, abenduaren 8an. Bere anaia, arreba, koinatua eta iloba Estatu espainiarrera noiz iritsiko zain da. Irailaren 23an abiatu ziren Kanarietara Dakhlako portutik, Saharan. Baina oraindik ez dira iritsi. Eta Zakariak ez daki ezer haietaz. Pateran ibilbide hori egitean, hiruzpalau egunetan kostaldera iristea da ohikoena. Eta badaki 30 lagun baino gehiago daramatzan patera batean hogei egunetik gora bizirik irautea ia ezinezkoa dela. Hau da, badaki ia ziurra dela bere senitartekoak itsasoan hil izana.

Zakariak ondo daki zer den patera bat. Batean sartzea erabaki zuen, «bizitzan aurrera egin» nahi baitzuen. Izan ere, eskola utzi orduko, familiari laguntzeko lan egin behar izan zuen, eta, bizi zen tokian, Casablancatik hurbil den herri txiki bat, Marokon, ez zegoen aurrera egiteko inolako aukerarik. «Ez nuen lan egonkorrik», gogoratu du. Eta ezagunak Europan urte batzuk eman ondoren etxera autoarekin eta dirua aurreztuta itzultzen ikusten zituen. Hori zen, finean, zekien bakarra: Europan lana zegoela, bizi baldintza hobeak, laguntza medikoa, ikasketak eta, oro har, aukerak. «Hobetu egin dezakezula esaten dute, aurrera egiten duzula», gogoratu du. Bien bitartean, ezagun batzuk «aurpegi onez» itzultzen ziren bitartean, urteak igaro eta «nik berdin jarraitzen nuen».

Zakaria ez da bakarrik agertu Hernanin GARArekin egin duen hitzordura. Gaztelania ulertzen eta hitz egiten du, baina Youssef lehengusuak itzultzaile lana egiten du beharrezkoa denean. Yanire Guarnido, Harrera Sareko kidea eta Youssefen bikotekidea ere azaldu da. Baita Zakariaren beste lehengusu bat ere, Mohamed. Bi arrazoirengatik erabaki dute prentsarekin hitz egitea: lehena, «norbaitek senideen arrastoa, gorputzak aurkitzen baditu, lagun dezan». Eta bigarrena, «jendeak zer dagoen jakin dezan, ez dakielako», nabarmendu du Zakariak.

Europaren beste aurpegia

Zakaria Kanarietara abiatu zen. Itsasoan, patera baten nahieran hiru egun gogor igaro ondoren, iritsi zen. Hala ere, bilatzen zuen kimera, aukera berdintasunen Europa, ez du oraindik aurkitu. Ezagutu duena beste Europa bat dela dirudi. «Hamar hilabete daramatzat hemen, eta oraindik ez dut ikusi kontatu zidaten ezer», dio.

Madrildik igaro ondoren, Almerian jardun zuen lanean, “Europako baratzean”. «Egun osoa lan egiten zuen, miseria bat irabazteko», dio Guarnidok. Eta palez, plastikoz eta kartoiz egindako txabola batean egiten zuen lo. Norbaitek sute bat eragin zuen eta Zakariaren txabola erre zen. Dena galdu zuen, garrantzitsuena barne: pasaportea.

Handik alde egin behar izan zuen eta Euskal Herrira etorri zen, bertan bizi baitira Youssef eta Mohamed lehengusuak. Hemen gelditzeko asmoa zuen, lan egitekoa, familia bat osatzekoa, etorkizun bat sortzekoa; Marokora itzultzekoa baita, baina familia bisitatzeko bakarrik. Baina 27 urteko gazteak Gipuzkoan ez du aurkitu bilatzen zuena eta orain kalean bizi da.

«Leku batean jaten du, beste batean egiten du lo. Kalean egoteak esan nahi du ez duzula lekurik gauzak ondo pentsatu eta zentratzeko. Ez duzu egonkortasunik bizitzan, ez eta logela bat lortzeko ere. Laguntza jasotzeko eskubidea duzu, baina ez dizute ematen etxebizitzarik ez duzulako», azaldu du Yanire Guarnidok.

Etxe bila dabil, eta Donostiako Udalak alokairuaren %60ko laguntza eskaini zion, baina hori lortzeko kontratu bat behar du. Hiru lehengusuek diotenez, oso zaila da Euskal Herrian pisu edo logela bat alokairuan hartzea atzerritarra bazara. Mohamedek kontatu du kontratu bat egiteagatik ordaindu behar izan zuela, alokairu gastuez gain.

«Gaztelera dakien pertsona batek, paperak dituenak eta etxea duenak ezin badu lortu kontratua duen pisu bat, nola lortuko du hizkuntza ez dakien eta baliabiderik ez duen norbaitek? Eta, gainera, kanpotarra izanda. Are, paperak lortzen dituzunean lan egitera behartuta zaude, lanik egiten ez baduzu kendu egiten dizkizutelako», erantsi du Youssefek. Eta berriro dio: «Pertsona batzuk hemengoak dira eta ez dute urtebeteko lan kontraturik lortzen. Bi hilabetez kontratatzen dituzte, edo hiruz, eta gero kalera botatzen dituzte. Nola kontratatuko zaituzte urtebeterako paperik ez baduzu?». Gainera, horri guztiari gehitu behar zaio jendeak, oro har, «klandestinitatean» bizi diren pertsonen gainean eraikitzen dituen aurreiritzi arrazistak. «Jendeak ez daki berak [Zakariak] ere onena nahi duela, baina ezin du. Paperik ez baduzu, ez zara ezer», nabarmendu du Mohamedek.

Apustua

Zakaria familiarekin harremanetan egon da bere herrialdetik atera zenetik. Haiekin hitz egiten zuenean, dena ondo zihoala esaten zien, «sufri ez zezaten». «Haiek ez zekiten ezer, ni kalean nengoela-eta», azaldu du triste gazteak.

Anaiaren, arrebaren, koinatuaren eta ilobaren berri bazuen, harik eta irailaren 23ko gauean patera hartu zuten arte. Zakariak Maroko utzi zuenean bezala, haiek ere planak eta ilusioak zituzten. Batzuek Madrilen beste anaia batekin geratu nahi zuten, beste batzuek Italiara joan nahi zuten. Zakariak bezala, «diru asko» ordaindu zuten, hil edo biziko bidaia bati ekiteko. «Lehengo batean Zakariak azaldu zizkidan bidaiaren nondik norakoak –dio Guarnidok–. Lehenik, diru asko ordaintzen dute etortzeagatik. Zuk apustu bat egiten duzu, eta ontzian sartzen zarenean, badakizu irabazi edo galdu egin dezakezula. Denek dakite agian ez direla iritsiko, baina arrisku hori hartzen dute».

Zakaria, bere lehengusuak eta Yanire Guarnido desagertutako lau senideei buruzko informazioa lortzen saiatzen ari dira. Egin zitzaketen dei guztiak egin dituzte: abokatuak, Gurutze Gorria, Kanarietako agintariak, Polizia, zentroetako langileak. Eta «inork ez daki ezer». «Patera ez da iritsi».

Salatu dutenez, desagertuen familiek «ate guztiak jotzen» egon behar dute senitartekoak «bizirik edo hilik» dauden jakiteko. «Kolektiboen laguntza baino ez dugu aurkitu, instituzio bakar batena ere ez», azpimarratu dute. Hori dela eta, desagertuen senideei laguntzeko zerbitzu bat sortzea eskatzen dute, ospitaleek, gobernuz kanpoko erakundeek eta inplikatutako bestelako erakundeek duten informazioa zentralizatuko duena.

Esperantza txiki bat

Urriaren 9an, Itsas Salbamenduak 24 pertsona erreskatatu zituen Kanaria Handitik 80 miliara. Paterako hamar lagun hil ziren eta bizirik atera zirenek itsasora bota zituzten gorpuak, uharteko larrialdi zerbitzuei kontatu zietenez. “Occitan Sky” ontziak ohartarazi zuen patera jitoan zela.

Zakariak eta lehengusuek itxaropen txiki bat dute, eta agian, egun bat lehenago itsasoratu zen paterako lagunekin gertatu bezala, euren lau senideak ere bizirik egon daitezkeela pentsatu nahi dute. «Egiaz hilda daudela pentsatzen dugu, baina ez dugu onartzen, ez baitugu ezertxo ere ikusi», dio Zakariak. «Hogei egun itsasoan, janaririk eta gasolinarik gabe, egun asko dira. Gainera, hiltzeko modu txarra da oso...», gaineratu du Youssef lehengusuak, buru makur. «Egurrezko patera bat da. Gomazkoa balitz…».

Egurrezko ontzi horretan 31 gizon, bi emakume eta haur bat, Zakariaren iloba, zihoazen. Pertsona horien ezein senidek ez du haien gaineko inolako informaziorik. Ez eta Zakariak, Youssefek, Mohamedek eta Guarnidok ere. Ezin dute ezer egin. «Batzuetan, itsasoak irentsi egiten du dena. Eta non bilatu behar duzu, bada? Dena da itsasoa», azaldu du Guarnidok.

Informazio faltak artega ditu eta ezin dute gehiago egin. Itxaropen txikienak ere, batzuetan, ez du laguntzen. «Itxarotea besterik ez da geratzen», diote.

Adierazpenak

«Egiaz hilda daudela pentsatzen dugu, baina ez dugu onartzen, ez baitugu ezertxo ere ikusi»

«Jendeak ez daki berak [Zakariak] ere onena nahi duela, baina ezin du. Paperik gabe ez zara ezer»