GARA
donostia

Langile bat hil da sute batean Donostian

Gros auzoko Gure Txoko tabernan piztutako sute baten ondorioz 36 urteko gizonezko bat hil zen atzo goizean. Establezimenduko langilea zen, udal iturrien arabera.

Donostiako Gros auzoan, Usandizaga kaleko Gure Txoko tabernan, bertako langile bat hil zen atzo, establezimenduan piztutako sute baten ondorioz.

Udal iturriek jakinarazi zuten sugarrak ustekabean sortu zirela lokaleko barraren alde batean, eta ez sukaldean, hasiera batean esan zuten bezala.

Gertaera goizeko bederatzietan gertatu zen. Gure Txoko tabernan sutea izan zela ohartarazten zuen dei bat jaso zuten orduan suhiltzaileek. Establezimendua itxita zegoen eta tabernaren jabea lokalera hurbildu zen suhiltzaileei atea irekitzeko.

Sua itzaltzea lortu zutenean, suhiltzaileek egoera kritikoan zegoen pertsona bat aurkitu zuten barruan, adin ertaineko gizon bat, lokaleko langilea.

Tabernatik kanpora mugitu zuten gizona, eta, osasun langileak suspertzen saiatu ziren arren, azkenean ezin izan zuten ezer egin haren bizitza salbatzeko eta hil egin zen.

Ustekabeko sutea

Martin Ibabe Donostiako Herritarren Segurtasuneko zinegotzia gertaeraren lekura joan zen, eta bertan azaldu zuen ikerketak irekita jarraitzen duela, baina lehen zantzuek adierazten dutela sutea ustekabekoa izan zela; ez zuela inork eragin. Zinegotziak esan zuen, halaber, kalte materialak soilik tabernan izan zirela, sukaldeko erauzgailua piztuta egoteak saihestu baitzuen «keak eragindako kalteak lokaletik haratago zabaltzea».