Iraide IBARRONDO
BILBO

Ibarrolaren «Gernika» Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai

2022ko martxoaren 17ra arte, Agustin Ibarrola artistak margotutako «Gernika» koadroa Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai. Erakusketan olioz margotutako «Gernika», bilduma bereko beste bi margolan eta koadroa testuinguru historikoan kokatzen duen dokumentazioa bildu dituzte. Koadroa 1977an margotu zuen Ibarrolak eta 1981ean&dcThree; erakutsi zen azkenengoz publikoki. Ordutik, Ibarrola familiak Omako baserrian gordeta izan du.

40 urtez gordeta egon ostean, Agustin Ibarrolaren “Gernika” margolana Bilboko Arte Ederren Museora itzuli da. Museoaren 32. aretoan ikusgai dago jada margolana, olioz egindako bilduma bereko beste bi lanekin eta Ibarrolak “Gernika” margotu zuen uneko testuinguru historikoa azaltzen duen dokumentazioarekin batera.

Hamar metro luze eta bi metro altu den olioz margotutako “Gernika” hamar mihisez osatuta dago. Pablo Picassoren obra ezagunak ez bezala, kolore zuriez eta beltzez gain, odola irudikatzen duten ukitu gorri apalak ere baditu Ibarrolak 1977an margotu zuen obrak. Ibarrolaren ohiko figura geometrikoek pisu handia dute lanean, eta, Picassok sortutako hildako soldaduaren, zauritutako zaldiaren eta besoetan haur bat daukan emakumearen pertsonaia ikonikoen artean lerro bertikal zein horizontalak ditu. Horrez gain, ikono berriak ere sartu zituen Ibarrolak obran. Tartean, soldaduak Gernikara bidean eta bularra tiroz zulatuta duten bi pertsona.

Arestian aipatutako lerroak “burdin hesiaren” metafora bisuala dira, eta Ibarrolak diktadura frankistaren askatasun falta eta zapalkuntza iradokitzeko baliatu zituen. Lerro zuzenek kartzelari ere keinu zuzena egiten diotela uste dute erakusketaren antolatzaileek, izan ere, Ibarrola frankismo garaian preso egon zen Alderdi Komunistako kidea izateagatik.

Margolanaren aurkezpen ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Bilboko Arte Ederren Museoko Fundazioko presidenteak, pozez eman zuen museoak eskuratutako azken piezaren berri: «Ez daukagu Picassoren ‘Gernika’, baina bai Agustinena. Gaurtik aurrera Gernikaren zatitxo bat daukagula esango nuke».

Bilboko alkateak bere ibilbidean Ibarrolak kausa sozialekiko agertutako «konpromisoa» nabarmendu zuen: «Bidegabekeria sozialak salatzea xede duen arte baten nahia errealitate bihurtu zuen». Kontuan izan behar da Ibarrolaren “Gernika” Pablo Picassoren koadro ezaguna Gernikara ekartzeko plataformari hauspoa emateko egindako obra dela. «Picassok margotutako gerraren izugarrikeriak Gernikan erakusteko aldarrikapena da obra», azaldu zuen Aburtok.

Margolana Ibarrola familiaren Omako baserrian (Kortezubi, Bizkaia) egon da gordeta 1981etik orain arte. Kontserbazio egoera onean egon den arren, uztailetik margolana osatzen duten hamar mihiseak museoko tailerrean izan dira eta bertan prebentziozko kontserbazio-tratamendu bat jaso dute, besteak beste, anoxia eta garbiketa prozesuekin.

Erakusketa doakoa izango da. Izan ere, Arte Ederren Museoko eraikina handitzeko obren lehen fasea abiatu eta gero, sarrera musu truk izango da lanek diharduten bitartean.

«Iraganeko kontua»

Margolan nagusiarekin batera, museoko artxibo eta liburutegian eta, neurri txikiagoan, beste bilduma publiko eta pribatuetan batutako dokumentuak ere erakutsiko dira. Horien artean, Ibarrolak “Gernika” Gernikara ekartzeko mugimenduaren inguruan egindako adierazpenak eta Bilboko Arte Ederren Museoak iraganean Picassoren obraren behin-behineko egoitza izateko egindako eskaera daude. Izan ere, Arte Ederren Museoak txosten bat argitaratu zuen Picassoren obra jasotzeko plan batekin, tartean, segurtasun neurriak eta argiztapena xehatuz.

Picassoren obra Arte Ederren Museora ekartzea egundo nahi bat ote den galdetutakoan, museoko zuzendari Mikel Zugazak hori «iraganeko kontua» dela erantzun zuen, obra Reina Sofia Museotik Euskal Herrira ekartzeko aukera baztertuz.