Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Iraganekoak (II)

Zentsore edo zentsoreen trakeskeriari esker, ezin jakin pertsona bakarraren ala ahalegin kolektibo baten emaitza izan zen, herrian hainbat lagun salatu zituen pertsona eta nirekin zuen lotura: ez nuen bera ezagutu; bai, ordea, bere semea eta ilobak. Azken horietako bat klasekide izan nuen eskolan. Bazkalordu batean atera nuen enkarguz idazten ari nintzen artikuluaren gaia eta haren bitartez nire eskuetara heldutako dokumentuen bidez ikasitakoa. Salatariaren izena entzun eta aurpegia aldatu zitzaion gerraz hitz egitea gustuko ez zuen aititeri. Garrantzitsuak iruditzen zitzaizkion kontuei buruz hitz egiteko erabiltzen zuen tonu serio berean, «gizon hura ez zen pertsona ona», esan zuen. Eta horrekin amaitutzat eman zuen solasaldia.

Gerora esan zidan amak ume koskorra zela beldurra ziola nire klasekidearen aititeri, etxean gurasoek harekin kontuz ibiltzeko esana baitzioten milaka aldiz, gizon “ankerra” zela. Kalean ere sumatua zuen jende xumeak, gizon zein emakumeek, “errespetu handiz” tratatzen zutela. Alegia, mundu guztia saiatzen zela harekin arazorik ez izaten. Amak, ordea, ez zekien zergatik. Umetan hainbat aldiz entzuna zuen “falange” hitza, herriko zein herrira etorritako handikiei lotuta maiz, baina zehazki zer esan nahi zuen jakin gabe. Salataria, ordea, ez zen aberatsa, nahiz eta handikien belarria bazuen. Eta erabakiak hartzen dituztenen belarria duenak faboreak lortu ohi ditu trukean. Faboreak lortzeko erraztasuna eta beldurra eragiteko ahalmena, hara salatariaren errenta.