Iraide IBARRONDO
BILBO

Hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioa deitu dute

Euskal eskola publikoaz «harro» daudela esateko eta «hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko ordua» delako antolatu du manifestazioa Euskal Eskola Publikoaz Harro (EEPH) plataformak. Manifestazioa Bilbon izango da datorren azaroaren 6an, larunbatean, eta, bertan, hezkuntza sistema «dual, klasista eta arrazista» gaitzetsiko du EEPH plataformak. Deialdiarekin bat egin dute LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek.

EEPH plataformako bozeramaile Maribel Lopez de Luzuriagak indarrean den hezkuntza sistemak «eskola publikoaren kaltean» jokatzen duela eta «segregazioa eta bi mailako ikasleak» sortzen dituela salatu zuen atzo. Eta, beraz, eredua birplanteatzeko ordua heldu dela deritzo. Eustatek argitaratutako 2020-2021eko datuen arabera, EAEko 2 eta 18 urte bitarteko ikasleen %49,44 eskola pribatuetan daude matrikulatuta.

Lopez de Luzuriagaren arabera, bi ereduak, publikoa eta pribatua, diru publikoarekin finantzatzeak «lehia» eragiten du bien artean. Eskola pribatuak «segregazioaren eragileak» direla ere uste du.