GARA
IRUÑEA

17 talde igoko dira Hatortxu Rocken oholtzetara abenduaren 18an

Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauria, Dupla, Nogen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B; hamazazpi talde horiek igoko dira aurtengo Hatortxu Rockeko hiru oholtzetara. Bestetik, udan Atarrabian bertan egingo duten edizio berezirako sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai, elkartasun jaialdiaren webgunean.

Abenduaren 18an, Atarrabian, Hatortxu Rocken 25. edizioa egingo da eta atzo eman zituzten jakitera bertako hiru oholtzetara igoko diren musika taldeen izenak. Guztira, «estilo eta jatorri anitzetako» 17 talde programatu dituzte.

Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauria, Dupla, Nogen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B izango dira elkartasun gaueko erritmoa markatuko dutenak. Taldeen erdiek baino gehiagok estreinaldia izango dute dispertsioaren aurkako musika jaialdian. «Mila esker, auzolanera batu eta dispertsioaren aurkako lan honetara batu diren 17 taldeei. Haiek gabe ezingo genuke etxerako bide hau eraiki», adierazi zuten antolatzaileek jaialdiaren sare sozialen bidez.

Antolakuntzako kideek «erlojuaren kontra» eta «inoizko egoera berezienean» prestatutako jaialdia dela nabarmendu zuten. Eta, hala ere, «ohiko» Hatortxu Rock bat bizitzeko moduan daudela berretsi. Iaz ikus-entzunezko Hatortxu Rock-a eskaini ostean, aurten Atarrabiako gunera itzuliko dira.

Era berean, gogora ekarri zuten sarrera «guzti-guztiak» agortu egin direla. Ordu eta erdi eskasean agortu ziren duela hamar bat egun. «Inoizko egoera berezienean eta inoiz baino informazio gutxiagorekin. Azaldu genuen bakarra ‘ohiko’ Hatortxu Rock bat izanen dela izan zen. Eta, hala ere, jendeak hutsik ez duela egingo, errepresaliatu politikoen senideei hutsik ez dietela egingo, argi utzi zuen», nabarmendu zuten antolakuntzak igorritako oharrean.

Haien hitzetan, horrek erakutsi zuen zeintzuk diren jaialdiaren benetako kartelburuak. «Urtero oholtzara igotzen diren taldeen gainetik gure kartelburuak beti dira berberak: euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideak. Gure kartelaren, gure lanaren, gure auzolanaren zergatia». Eta auzolan horretan ere jarri dute indarra, «mundu guztiaren beharra» azpimarratuz.

Urtero 700 bat boluntarioren lanari esker antolatzen da Hatortxu Rock eta iazko etenaren ostean, dei berezia egin dute aurten indar hori berreskuratzeko asmoz. Horretarako, antolatzaileekin kontaktuan jarri edo auzo eta herrietan antolatu ohi diren taldeetan parte-hartzera gonbidatu zuten.

Udako sarrerak, astelehenean

«Eta kartelak eta edizioak eta behar den guztia ateratzen jarraituko dugu azken euskal errepresaliatu politikoak etxerako bidea bete arte. Ez ahaztu bide horretan zu, zuek, behar zaituztegula. Ez dugula aske izaterik haiek gabe. Eta Hatortxuk ez duela izaterik zuek gabe. Beraz, elkartasun erakustaldi hau abenduaren 18an borobildu beharko dugu eta auzolanean behar zaituztegu», gehitu zuten.

Esan bezala, Hatortxu Rock 25erako sarrera guztiak agortuta daude, baina jaialdiak «pandemiak sortutako etenaldiaren ostean ahalegin berezi bat» egiteko beharra ikusi du eta udan bi eguneko edizio berezi bat antolatuko dute. 2022ko uztailaren 29 eta 30ean, Atarrabian, neguko gune berean, eginen da jaialdiaren edizio hori.

Zita horretarako sarrerak azaroaren 1ean, astelehenean, 20.00etan, jarriko dira salgai jaialdiaren webgunearen bitartez. Atzo bertan jakitera eman zutenez, bi egun horietako bonuak 55 euroko prezioa izango du eta egun bakarrekoak, bai ostiralekoak bai larunbatekoak, 30 eurokoa.

Oraingoz ez dute honen inguruko informazio gehiegi eman. Datozen aste eta hilabeteetan joango dira eskaintza osatzen eta horren berri ematen.