Ramon SOLA
GASTEIZ
ESPETXE POLITIKA

Auzitegi Nazionalak presoei jartzen dizkien oztopoak aztergai Gasteizen

Auzitegi Nazionalak euskal preso politikoen gradu progresioei eta kaleratze baimenei jartzen dizkien oztopoen berri eman zuten, atzo, Foro Sozialak eta Behatokiak Gasteizko Parlamentuan. Aurrera egiten segitzeko adostasun berriak eratu behar direla esan zuten, baina Legebiltzarreko talde gehienek ez zuten jarrera argirik agertu.

Euskal preso politikoei oraindik jartzen zaizkien oztopoei buruzko informazio zehatza jaso zuten, atzo, Gasteizko Parlamentuko kideek, Foro Sozialaren eta Behatokiaren eskutik. Auzitegi Nazionalean gertatzen ari denarekin loturiko egoera aztertzeko asmoa agertu zuten gehienek.

Teresa Todak Foro Sozialaren izenean egindako sarreran aipatu zuenez, pozgarria da ikustea Gobernu espainolak «urratsak» egin dituela eta «urratsak egin dituztela presoek ere», urruntzea eta gainerako salbuespen politikak gainditzeko.

Alta, presoak kaleratzea helburu izan behar duen bigarren faseari ekin behar zaion unean bereziki kezkagarria den joera agertu da Auzitegi Nazionalean. Izan ere, hirugarren gradua eskuratzeko edota kalera ateratzen hasteko orduan «bidea itxita aurkitzen dute», auzitegi bereziaren hiru instantzien jarrera dela eta: Fiskaltza, Zigor Arloko aretoa eta Espetxe Zaintzako Epaitegia.

Duela bi urte gertatzen ez ziren gauzak gertatzen hasi dira eta «uztailetik hona areagotu egin da joera hau. Atzera egiteko jarrerak nabarmentzen ari dira oso ideologizatua den ‘lobby’ baten eskutik»», salatu zuen Todak. Zortzi edo bederatzi baimen-eskaera onartu dira bakarrik eta hogeitik gora gelditu dituzte helegiteen bitartez, adibide gisa aipatu zuenez.

«Askotan betebehar berriak ezartzen zaizkie presoei», erantsi zuen Foro Sozialeko kideak, eta Unai Fanoren kasu lazgarria ekarri zuen gogora: «Hirugarren graduan bederatzi hilabete zeraman preso bat bigarren graduan kokatu dute berriz» eta, horren ondorioz espetxera itzularazi dute. «Tragedia» hitza erabili zuen horren inguruan EH Bilduko Julen Arzuagak.

Horren guztiaren berri ematen duen txostena osatu duen Behatokiaren izenean Aitzol Asla abokatua mintzatu zen Parlamentuan. Ekainean kaleratu zen ikerketa hura; uda igarota berri handirik ez dela aipatu zuen, baina onartu diren bi gradu progresioen aurka Fiskaltzak helegitea aurkeztu du, aurreko egoerari segida emanez.

Aslak oroitarazi zuenez, muina Auzitegi Nazionalean datza; izan ere, beste kasuetan ez bezala, euskal preso hauen gaineko erabakiak beti auzitegi berezian hartzen dira eta epai areto bakar baten bitartez, gainera.

Aztertuko dute

Gauzak horrela, «adostasunak» landu beharra dagoela aipatu zuten Todak zein Aslak, espetxe politikan abiatu den aldaketa egonkortu eta sakontzeko. Gertatzen ari dena baloratzeko borondatea agertu zuten talde gehienek, baina oraingoz akordio berrietarako konpromiso garbirik adierazi gabe. Miren Gallastegi PSEkoaren hitzetan, «malgutasunez jokatzea ahalbidetzen du egungo legediak eta Fiskalaren jokabidea aztertu beharko da, baina delitu ikaragarri hauek egin dituzten pertsonek ibilbide bat egin behar dute».

«Begia begi truk» inertziarekin behingoz amaitu beharra dagoela nabarmendu zuen Julen Arzuagak. «Preso guztiei trataera bera eman behar zaie, salbuespenik gabe», erantsi zuen EAJko Irune Berasaluzek, eta akordioak lantzen segitzeko prest azaldu zen.

Foro Sozialeko koordinatzaile Agus Hernanek hartu zuen hitza horien ondoren, orain arteko ibilbideaz «pozik egon behar dugula» ikusarazteko; adibide gisa, duela zortzi urte I. Foro Soziala egin zenean presoei lege- bidetik pausoak ematea eskatzen zitzaien eta eman eman dituzte, erabakitasunez. «Orain planteatzen den bakarra legea aplikatzea da, eta bertan Auzitegi Nazionala oztopo izaten ari da», erantsi zuen. Erronka bota zion PPko Carmelo Barriori, Behatokiko txostenak jasotzen dituen epaiak irakur ditzan, «guztiz ideologikoak dira eta».

«Kontsentsu berriak behar ditugu», esan zuen Hernanek. Lakuaren eskuetan den espetxe eskumenak bidea erraz dezakeela uste du eta euskal presoen borondatea ukaezina dela baieztatu zuen. Oso egoera ona ikusten du, beraz, aurrera egiteko. «Bide hori egiten lagundu behar diegu preso hauei, bai, eta hau ez da paternalismoa», erantzun zion hitz hori erabili zuen Barriori.